Síguenos en redes sociales:

Erdi Aroko hilerri zaharrenak, Zarautzen

Erdi Aroko hilerri zaharrenak, Zarautzen

antu Guztien Eguna gerturatuz doa eta egun horretan hilerria bizitzatzea ohitura denez, Zarauzko Arte eta Historia Museoak horren bueltan ekintza "berezi" bat antolatu du. Herriko hilerririk zaharrena ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko ditu, urriaren 30, 31 eta azaroaren 1an.

Zarauzko egungo hilerria Untzaigo lurretan badago ere, duela hainbat urte ikerketa arkeologiko bat egiten ari zirela, antzinako hilerri bat aurkitu zuten Santa Maria la Real parrokiaren inguruetan. Bertakoak dira Gipuzkoa mailan orain arte aurkitu dituzten Erdi Aroko hilobi zaharrenak. "Saio honen bidez garai horretako hilobiratze ohiturez eta errituez hitz egingo dugu, egun ezagutzen ditugunetaz oso urrun baitaude", azaldu dute Zarauzko Arte eta Historia Museotik.

Hilobi horien artean, adibidez, Zarauz familiarena aurkitzen da, antzina Zarauzko familiarik garrantzitsua izan zena; Dorre Luzea, Kanpandorrea eta Narros Jauregiko jabeak izan zirenak, besteak beste. Bertan da baita ere, Burdin Aroko aztarnen artean, jaioberri baten hilobia.

Zarauzko kanposantuen historia, ordea, ez da hor amaitzen. Museotik jakitera eman dutenez, lekuz aldatu zuten urteak pasa ondoren eta Velasco Doktoreak erositako Villa Mundako lurretan egon zen Zarauzko hobitegia. "Pertsonaia garrantzitsu bezain eszentriko hau ezagutzea ezinbestekoa da Zarauzko egungo hilerria Untzaigo lurretara nola igaro zen ezagutzeko; azken hau izanik zarauztar gehienok bisitatu dugun hilerri bakarra", aurreratu dute.

Zarauzko historia osatzen duten bitxikeria hauek eta gehiago ezagutzeko aukera "paregabea" izango dute ekintza honen bidez herritarrek. Hala, gerturatzen direnek lehen pertsonan Santa Maria la Real parrokiak eta kanpandorreak osatzen duten Santa Maria la Real Arkeologia eta Monumentu multzoaren lurpeko aztarnategian izango dira, besteak beste.

Pandemia dela eta, beharrezkoa izango da aurrez erreserba egitea. Arrazoi horregatik, pertsona kopurua ere murritzagoa izango da; gehienez saioko bedera-tzi herritarrek hartuko dute parte.

Izen-ematea korreo elektronikoz egin beharko da, info@menosca.com helbidera mezu bat bidalita. Zarauzko Arte eta Historia Museora ere deitu daiteke horretarako (943 835 281).

Hitzorduak gaztelaniaz zein euskaraz izango dira. Eguneko, hiru eskainiko dituzte lehenengo bi egunetan. Urriaren 30ean honakoak izango dira orduak: 12.00etan (gaztelaniaz), 16.00etan (euskaraz) eta 17.00etan (gaztelaniaz). Hilaren 31eko bisita gidatuak ordu berean izango dira, baina kasu honetan 12.00etakoa euskeraz egingo da. Azaroaren 1ean, berriz, arratsaldekoak bakarrik izango dira.