- Ohiko moduan, Lazkaoko Udal Brigadak udalerria mantendu, txukundu, eta herritarren beharrizanak asetzeko lan ugari burutu ditu irailean zehar.

Txindoki zahar egoitzan, esaterako, eremu publikoaren zati bat egurrezko hesiz, altzairuzko ate eta lorontziz, eta egurrezko bankuen bitartez mugatu da bertako erabiltzaileentzat, espazioa txukunduz, erabilgarriagoa bihurtuz. Aldi berean, eremu barruan gelditu diren bankuak lixatu eta barnizatu egin dira.

Lazkaomendiko Abalin baserritik Albitxu behekoa doan errepidearen asfaltaketa ere irailean egin zen. Bide horretatik jende ugari igaro ohi da, batez ere, Lazkaomendin barrena ibiltzera ateratzen direnak, oinez. Aldi berean Senperen eta Enpaundin asfaltaketa konponketa txikiak egin dituzte Brigadako kideek.

Kanpandiko erronta, Lazkaomendiko igoerako horman, Dukeen parkean eta Lazkaotik Ataun aldera doan bideko hesietan egindako pintaketak ere ezabatu dituzte. Horrez gain, Areso haur parkeko eta San Jose auzoko bankuak lixatu eta margotu dira, eta San Prudentzio auzoan eta Dukeen parkean bi zakarrontzi berri jarri dira toki bakoitzean.

Kiroldegian ere aritu dira lanean: teilatu-azpiko hodi zati bat konpondu dute. San Prudentzio ikastolako eraikineko barruko kantxan usoak ekiditeko arantzak ere jarri dira, eta ur sareko irakurketa, matxura eta konponketa lanak ere egin dituzte, Lazkaok behar duen mantenu lanak eginez.