Bapatean Zirko taldearen Adabaki ikuskizuna izan da aurtengo Antzeztaun zikloa irekitzeaz arduratu dena, eta igande arratsaldean eskaini zuten, San Gregorio plazan, hitzik gabeko clown saioa, batez ere haurrei zuzendua. Bertan, Odei Arregik eta Israel Cuadradok antzeztu zuten, Maite Guevararen zuzendaritzapean.

Ostiral honetan, berriz, Ines Bengoaren txanda izango da, eta hiru emanaldi eskainiko ditu ipuin kontalariak. Iturri Zaharreko kontakizunak ekarriko ditu artistak, Troskaeta tabernara. 18.00etan, 18.30ean eta 19.00etan izango dira saioak. Garai batean, iturriak izaten ziren bilgune. "Iturria bizitzaz beterik zegoen; eta bizitza dagoen lekuan, istorioak egoten dira: alproja eta maltzurren istorioak, istorio lizunak, barrez lehertzekoak, maitasunezko kontakizunak, bizitza eta heriotz alegiak, abesti eta olerkiak", azaldu du Bengoak. Gainera, Troskaeta tabernaren ondoan bada iturria, eta leku ezin aproposagoa da aukeratua gai honen inguruan hausnarketa egiteko.

Urriaren 16an, Zirko Txosko konpainia eusko-galiziarrak Indar-tsuak emanaldia taularatuko dute, 16.30ean, Joxe Migel Barandiaran eskolan. Bi pertsonaia xelebre hauek Munduko Indartsuenen Txapelketarako prestatu dituzten akrobazia koreografiak aurkeztera joango dira Ataunera, baina azken orduko arazoei aurre egin beharko die horretarako, eta baita unea gerturatzen den ahala agertzen diren beldurrei ere. Familia osoarentzat aproposa, umorez eta algaraz janzteko arratsaldea.

Hurrengo emanaldiak dantzan jarriko ditu ikusleak. Urriaren 25ean, Intujai Teatro konpainiarekin batera Txangozatu ekintza egingo dute, non familia osoarentzako ikuskizun ibiltaria eskainiko den, Barandiaran Museotik abiatuta. 17.00etan hasita, umorearen munduan murgilduko dira ikusleak, emanaldiaren parte aktibo bilakatuz.

Aurtengo Antzeztaun zikloa urriaren 30ean amaituko da. Aldatzen Laguntzen taldeak Birritan bortxatua helduentzako antzezlana eskainiko du, 22.00etan, Herri Antzokian.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, egoerara egokitutako neurriak hartuko dira uneoro, guztien segurtasuna bermatzeko.