Síguenos en redes sociales:

Getariak Julian Ugarteren bi margolan dohaintzan jaso ditu

Herriak aukeratutakoa udalbatza-aretoan jarri dute eta bestea, alkatetzan

Getariak Julian Ugarteren bi margolan dohaintzan jaso ditu

- Getariarekin eta Elkanorekin lotura estua zuen Julian Ugarte artista zarauztarra.

Bere ametsetako bat Getariako herriari lan bat oparitzea zen eta atzo errealitate bihurtu zen nahi hori; Julian Ugarteren bi margolan dohaintzan eman baitizkio familiak Udalari. Bat udalbatza-aretoan jarri da eta bestea, berriz, alkate-tzan kokatuko dute. Udalbatzakoa, gainera, herritarrek aukeratutakoa da.

Uztaila amaieraz geroztik, Julian Ugarte artistaren margolanez osatutako Elkano erakusketa egon da ikusgai udaletxeko sarrera gelan. Bertan, artista horrekin egindako hainbat obra ikusteko aukera izan dute getariarrek, baita gustukoena aukeratzekoa ere. 324 botoekin garaile izan da Elkano irudikatzen duen obra.

Hitzarmena pasa den ostiralean sinatu zuten Haritz Alberdi alkateak eta artistaren semeak, Asier Ugartek. "Udalbatza leku berezia da herritarrontzat eta aurrerantzean Elkanoren beste lan batek apainduko du. Guretzat pozgarria da hori", azaldu zuen alkateak, akordioa sinatu aurretik.

Era berean, eskerrak eman nahi izan zizkion Ugarteren familiari "ohore bat baita horrelako bi lan udaletxean edukitzea".

Familiaren izenean, Asier Ugartek ere esker hitzak eskaini zizkion alkateari: "Guretzako harrotasun puntu bat ere bada bera hemen presente egotea, eta benetan eskertu nahi dizuegu".

Artea ere protagonista izaten ari da egun hauetan Zarau-tzen. Udazkeneko ateak ireki ditu Leire Ruiz zarauztarraren Masa izeneko erakusketak.

Torre Luzean kokatu den erakustaldiak produkzio industrialaren inguruan hausnartzea du helburu. "Sentsibilitatea, hausnarketa eta begirada ekologikoa dira lan honen hiru zutabeak", azaldu zuen artistak, irekiera ekitaldian. "Obra honetako irudiak ez dira hain irakurterrazak hasiera batean, baina arin antzeman daitezke era bateko eta besteko diskurtsoak, baita animalien arrastoak ere", gehitu zuen.

Erakusketa dinamikoa da, ikus-entzunezko bat baitu osagarri gisa. Guztia miatzeko bertara gerturatzera deia egin nahi die artistak, zarauztarrei. Egunero, zabalik izango da aretoa, arratsaldeko 18.00etatik 20.00etara. Azaroak 1a bitartean izango da bisitatzeko aukera.