Idazle gazteak euskal literaturaren mundura erakartzeko helburuarekin, Resurrección Maria Azkue Literatura sariak elkarlanean antolatzeari uskaltzaindiak eta BBK-k 1991ean.

Ordutik, ehunka gaztek parte hartu dute Azkue lehiaketan eta sariren bat eskuratu izan dutenen artean egun euskal kultur sortzaileen artean ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea bezalako idazle, bertsolari eta kazetariak daude.

Edonola ere, antolatzaileek joan den ostiralean banatu zituzten 2019ko Azkue Literatura lehiaketaren sariak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan eta sarituen artean Urola Ikastola BHIko hiru ikasle daude. Hauek sariketaren A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) jaso dituzte errekonozimenduak.

Hala, narrazioaren alorrean Ekain Errazu atera da garaile, Axuri Beltzaren misterioa izeneko ipuinarekin eta atal berdineko hirugarren saria Nora Aiertzarentzat izan da, Lamiak izeneko lanagatik. Olerkiaren alorrean, berriz, Unai Oruesagastiren Hodei urratuak izan da lehen saria eskuratu duen lana.

Epaimahaiaren erabakiak izugarrizko poza eraman du Urola Ikastolara; are gehiago aurtengo edizioan sariketaren partaidetza inoiz baino handiagoa izan dela kontuan izanda (guztira, 135 lan aurkeztu ziren 2018ko Azkue lehiaketara eta 2019ko ediziora 568 aurkeztu dira).

Urola Ikastolako ikasleek Azkue sarietan jasotako emaitza zoragarrien atzean Mikel Sarasua euskara irakaslea dago. Izan ere, berak ekin zion "orian dela 30 bat urte" DBHko lehen zikloko ikasleen artean literatura lantzeari; "era autodidakta batean eta beti eskolako programa ofialetik kanpo".

Sarasuak "poztasun handia" izan du lehiaketaren emaitzekin baina bere helburua ez da sariak irabaztea; "ikasleak, ondo pasatuz, hizkuntzara hurbiltzea" baizik. Edonola ere, ezin du ukatu Urola Ikastolan euskal idazleen harrobia sortzen ari dela.