- Garikoitz Mendizabal txistulariak eta German Ormazabal piano-jotzaileak Metamorfosia kontzertua egingo dute larunbat honetan Antion 37. Musikaldiaren barnean. Moreno, Rivas, Hakim, Garbizu, Gorosarri eta Lazkanoren lanak eskainiko dituzte.

Irailaren 19an, Vocalia abesbatzak eta Ensemble Conductus talde instrumentalak kontzertua barrokoa egingo dute. Vivaldi, Galuppi eta Hasse-ren obrak joko dituzte. Irailaren 26an, berriz, Kamerata Euskdivarius taldeak Beethovenen 7. Sinfonia joko du. Izan ere, aurten Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena da.

Kontzertu hauek Antioko baselizan izango dira, 19.30ean. Autobus zerbitzua egongo da. 18.30ean irtengo da, Correosetik.

Bosgarren eta azken kontzertua Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da: urriaren 3an, 18.00etan. Gandeia taldeak joko du.

COVID-19ak eragindako edukiera murrizketak direla eta, kontzertuetara joateko gonbidapena behar da. Gonbidapena Zelai Arizti kultur etxean eskatu behar da, kon-tzertu bakoitzaren aurreko astean, astelehenetik asteazkenera. 943 72 91 54 telefonora deitu behar da (9.00etatik 14.00etara) edo kultura@zumarraga.eus helbide elektronikora idatzi. Eskaerak eskuragarri dauden gonbidapenak baino gehiago badira, zozketa bidez esleituko dira.

Pertsona bakoitzak bi gonbidapen jaso ahal ditu gehienez, eta gonbidapen bat eskatzailearen izenean da. Gonbidapena aurkezten dutenak bakarrik sartu ahal dira ermitara. Kontzerturako sarrera 18.30etik aurrera baimenduko da.

Autobusera sartzeko ere nahitaezkoa da gonbidapena aurkeztea. Bestalde, ezinbestekoa da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea eta maskara erabiltzea, bai autobusean eta bai elizan.