Azpeitiko astearteetako azoka Alde Zaharrera itzuliko da gaur
Segurtasun neurriak hartuta, postuak Plaza Nagusian, berdura plazan eta Olazko Amaren plazan ipiniko dituzte
- Koronabirusak eragindako osasun-alarma egoera ezarri zenetik,Azpeitiko Udalak hainbat aldaketa egokitu ditu astearteetako azokaren kokapenaren inguruan eta besteak beste, astearte honetan azokaren postuak herriko Alde Zaharrera itzuliko dira.
Udaletik gogorarazi dutenez, "martxoan osasun-alarma egoera ezarri zenetik segurtasun neurriak bermatzeko neurri desberdinak hartu izan ditugu. Besteak beste, Betharrametako jolastokian egin izan da azokaren zati bat". Astearte honetatik aurrera, berriz, azoka Alde Zaharrean egingo da berriro.
Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, "prebentzio neurriak betez, azoka bere ohiko lekura bueltatuko da aste honetan bertan".
Hala, baserritarren azoka berdura plazan eta inguruan egingo da: "Postuak azoka plaza barruan, eraikinaren estalpean eta atzean izango dira hemendik aurrera", jakinarazi du Bereziartuak berak.
Bestelako postuak, berriz, Plaza Nagusian eta Olazko Amaren Plazan jarriko dira. "Postuen arteko distantziak mantentzeko eta pilaketarik ez sortzeko neurriak hartu ditugu", gaineratu du Bereziartuak. Bide horretan, "arkupetan egon ohi diren postuak Olazko Amaren plazan izango dira hemendik aurrera". Era horretan, "nahi duenak azokako jendearekin gurutzatu gabe pasatzeko aukera izango du".
Astearteetako azokak astero herritar ugari erakartzen dituela jakitun, Udalak "erantzukizunez" gerturatzeko eta "ezarritako segurtasun neurriak betetzeko" deia luzatu die azpeitiarrei. Izan ere, joan den hilabetean Alde Zaharreko tabernen inguruan izan ziren kutsaketa ugariren ondoren, agintariek ez dute antzerako egoera herrian gertatzerik nahi eta horretarako ezinbestekoa da herritar guztion jokaera arduratsua.