- Normalitate berri barnean sartuta, Beasaingo Udala herriko guneak egokitzeko eta txukuntzeko aukera aprobetxatzen ari da, herriko irudia zainduz eta udalerria osa-tzen duten hainbat auzoetako beharrei erantzun bat emateko asmoarekin. Hain zuzen ere, sasiak eta belarrek hartutako bidezidorrak edo auzo-bideak garbitzeari ekin diote Udaleko garbiketa zerbitzukoek.

Orain artean garbitu eta txukundu diren bideak hauek izan dira. Jasokunde parrokiatik Erauskin auzora daraman eliz-bidea, Loinazko ermitatik Gudugarreta auzorako bidea eta Gudugarreta auzotik Ittola baserria zegoen ingurua zeharkatzen duena eta Igartzako multzotik errepide nagusia zeharkatuta Zunzunegi baserrira daraman bidezidorra. Bide hauetatik jende asko igarotzen da eta Udalak beharrekotzat ikusten du halako lanak maiztasunez egitea sasiak eta belar txarrak handiagoak egin ez daitezen. Datozen asteetan gainerako auzo-bideekin jarraitzeko asmoa du Udal zerbitzu honek, hala, zonaldeka banatuko dituzte lanak guztia egun bakarrean egitea baino errazagoa izan dadin, betiere segurtasuna jomugan jarriz.