Asteazkenean zabalduko da Hernaniko kanpo igerilekua
Hernaniko kanpoko jolas igerilekuak asteazkenean zabalduko dira . COVID-19a dela eta, segurtasun neurri zorrotzak ezarriko dira eta aforoa mugatuko du Udalak. Honela, gehienez, 726 lagun egon ahalko dute instalazio osoan, baina uretan une berdinean gehienez 242 pertsona izango dira.
Ahalik eta pertsona gehien udako igerilekuetaz gozatu ahal izateko, bi txanda ezarri dira, goizekoa eta arratsaldekoa. Herritarrek egunean txanda bakarrean egon ahalko dute.
Bi txandetan instalazioan egoteko ordu kopuru bera izan dadin, aurten, 10.00etan zabalduko da instalazioa. Beraz, ordutegia 10.00etatik 14.30era (15.00etarako denak kanpoan) eta 15.30etik 20.00etara (20.30ean denak kanpoan) da.
Aldaketa hauek direla medio, sarreraren prezioa aldatu da. Sarrerak txanda bakoitzeko izango dira.
18 urtetik gorakoek 3,85 euro ordaindu beharko dute; hiru urtetik 18 urte arte, 2,75 euro eta sei hilabetetik hiru urtera 1,35 euro.
Internet bidez eros ahalko dira soilik, http://kirola.hernani.eus helbidean. Tiketa inprimatuta edo mugikorrean eraman beharko da. Egunero erosteko aukera dago, baina egunekoa eta hurrengo egunekoa erosteko aukera egongo da soilik. Eguneko edozein ordutan erosi daiteke sarrera, baina behin sarrera erosita ez da dirurik itzuliko erabiltzen ez bada.
Abonoei dagokienez, aurten abonoa soilik Hernani edo Astigarragako kiroldegietako bazkide direnek egin dezakete. Prezioa maiatzeko boletinean onartutakoaren erdia izango da. Honela, familiarrak 37,45 euro balioko du; 18 urtetik gorakoak, 24,75 euro eta 18 urtetik beherakoak, 16,35 euro.
Abonoa Internet bidez edota udal jolas igerilekuko atezaintzan egin daiteke. Hori bai, presentziala egin nahi izanez gero lehenik hitzordua eskatu behar da. Abonoa denboraldi osoan egiteko aukera izango dute. Aurten, abonoa dutenek sarrera hartu beharko dute, aforoa kontrolatu ahal izateko.
Gainera, aforoa gutxituko denez, eta segurtasuna bermatua egon dadin, kanpotik datozen taldeak ez dira onartuko. Soilik Hernaniko Udalak antolatutako udalekuetako haurren taldeak onartuko dira.
Segurtasun arauei dagokienez, sartzerakoan eta irteterakoan musukoa erabiltzea nahitaezkoa da eta hidrogelarekin garbitu beharko dira eskuak. Erabiltzaileen artean bi metroko distantzia mantendu beharko da.
Aldagelak eta txirristak itxita egongo dira, eta gainerako zerbi-tzuak eta kirolguneak zabalik, baina bakoitzak eraman beharko ditu jolasteko materialak.
Aforo handiko egunetan, uretan 20 minutuko txandak egingo dira. Sorosleak abisua emango du.
Sarrerak eta denboraldiko abonoak merkeagoak izango dira eta kanpoko talderik ez da onartuko, soilik herriko udalekuetakoak