Usurbilgo hainbat eragileren eta Udalaren artean izandako elkarlanari esker, hogei kultur ekitaldi izango dira uztailean herrian. Sarrerak eskatzeko usurbilkultura.eus webgunea sortu dute, eta teknologiekin iaioak ez direnentzako laguntza saioak egingo dituzte Potxoenean: astelehenean, 16.00etan eta 17.00etan eta asteartean, 10.00etan, 11.00etan, 17.00etan eta 18.00etan. Horrez gain, bideo-tutorial bat ere zabalduko dute sareetan datozen orduetan. Sortzaileen, antolatzaileen zein herritarren segurtasuna bermatzeko protokoloak ere finkatu dira.Testuinguru berriak ekitaldiak egin ahal izateko molde berriak eskatzen ditu. Hau da, antolatzaile, sortzaile zein herritarren segurtasuna eta osasuna bermatu ahal izateko derrigorrezkoa izan da eredu desberdin bat sortzea, eta hainbat neurri hartu dituzte horretarako. Batetik, eredu deszentralizatuari eutsi diote: erdigunean beharrean, ekitaldiak herriko hainbat tokitan egingo dituzte. Bestetik, ikusle kopurua mugatu dute, jende pilaketak saihesteko: ekitaldi eta kokalekuen arabera zehaztu dituzte batera zein bestera joan ahal izango duten herritarren kopurua. Ikusle kopurua mugatzeak sarrerak modu justuan banatzeko beharra sortu zien, eta, horregatik, webgune bat sortu dute, usurbilkultura.eus: herritarrek nahi beste ekitalditarako sarrerak eskatu ahal izango ditu, eta, ondoren, izena eman duten guztien artean zozketa egingo du webguneak berak. Herritar bakoitzak eskuratu ahal izango duen sarrera kopurua ekitaldiaren araberakoa izango da, eta, gainera, bi lehentasun zehazteko aukera izango du: zozketa egiterakoan, kontuan hartuko ditu webguneak. Eta, horrez gain, ekitaldiez ahalik eta herritar gehienek gozatzeko asmoz, streaming bidez emango dituzte lau ekitaldi. Kultur Birarako ez ezik, etorkizunerako tresna ere izango da Usurbil Kultura webgunea.

Gustu eta adin guztietarako ekitaldiak prestatu dituzte. Kontzertuak izango dira, herriko eta Euskal Herriko musikariekin (Artixten Gaua, Liher, Joseba Tapia, Izaki Gardenak, Natali, Malen eta Maddi, Oreka Tx, Ekiza...), magia ikuskizunak, ibilaldi neurtu bat, familientzako planak eta antzerkiak...