- 1936ko Espainiako Gerra Zibila Usurbilen nola bizi izan zuten eta bere ondorio guztiak aztertzeko hitzarmena sinatu du Udalak Ion Martin usurbildarrarekin, Aitzol Arroyo historialariarekin eta Aitor Azurki kazetariarekin. Hiru urtetarako proiektua izango da. Helburua "izen-abizenak berreskuratzea" izango da, Azurkiren hitzetan. "Historia letra larriz kontatzen digute, baina letra txikia da falta zaiguna. Sukaldetan mantentzen den historia hori gizarteratzea da falta dena", gaineratu zuen atzo egindako proiektuaren aurkezpenean. Horretarako, herritarren parte-hartzea beharko dute, beraien testigantzak jasotzeko.

Lana aurtengo udan bertan hasi eta 2022ko udazkenean bukatzea aurreikusi dute proiektuaren bultzatzaileek, eta bost zatitan sailkatu dituzte egin beharrekoak. Lehengo faseari dagokionez, ikerketa lana egingo dute: Euskal Herriko zein Espainiako zenbait artxibo publiko eta pribatutan iturrien hustuketa egingo dute. Bigarren fasean, gudaleku esanguratsuak berreskuratzeari ekingo diote: Usurbilgo Frontea deitu zitzaion gunea hainbat lubakik eta erretagoardia posizioek osatzen zuten. Horiek bilatu, txukundu eta ezagutaraztea dute xede. Horren ostean, parte-hartze prozesu bat zabalduko dute: etxeetan gordeta dauden dokumentu, argazki edo lekukotzak jasotzeko. Laugarren fasean, erakusketa bat egingo dute bildutako material guztiarekin: 2021eko irailaren 19an inauguratu nahiko lukete, tropa faxistak Usurbilen sartzearen 85. urteurrena izango baita. Azkenik, liburu edo webgune bat osatuko da.