- Astelehenarekin batera espazio berriak ireki ditu Ordiziako Udalak, bertako herritarrek erabili ditzaten. Horren adibide izan da orain arte, alarma egoera hasi zenetik itxita egon diren haur parkeak. Atzo goizean udal langileak bertara gerturatu ziren eta haur parkeetako sarrera galarazten zuen seinaleak kendu zituzten.

Udalak jakinarazi duenez, egunean bitan desinfektatuko dira gune hauek, goizean eta eguerdian. Ordutegiak zehaztea zaila denez, eta posiblea denez erabiltzaileak bertan egotea desinfektatzera joaten diren momentuan, arduraz eta errespetuz jokatzeko ere eskatu dute. Horrez gain, norberaren ardura izango da higiene eta osasun neurriak mantentzea, gune hauek segurtasun osoarekin erabili ahal izateko. Haur parkeez gain, baina, Beti Alai pilotaleku ondoan dagoen frontoi txikia ere dagoeneko erabilgarri egongo da; kasu honetan, pilotan ibiltzen dira herritar gehienak bertan. Bestalde, Majori Plaza ere irekita dago bere erabilpenerako.

Liburutegi zerbitzuak ere eskain-tza zabaldu du; gune nagusia, gelan bertan ikasteko izango da. Baimendutako gehieneko edukiera % 60koa izango da, babes-arauak eta pertsonen arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izanik. Erabiltzaile batek irakurketa-postu bat uzten duenean desinfektatu egingo dute.