- Udalaren Gazteria Batzordeak "COVID-19ak eragindako egoerara egokitutako udalekuak" egitea erabaki du, aho batez. Hori dela eta, Eibarko neska-mutikoek aurten ere adin-tarte ezberdinei zuzenduta dauden Oporrak Afariketan, Udan Jolasean eta Firin Faran Abuztuan programekin disfrutatzeko aukera izango dute.

Hori bai, aurtengo udalekuetan ez dira Eibartik kanpora irteerarik ezta igerilekuetan jarduerarik izango. Gainera, umeek derrigorrean jarri beharko dituzte maskarillak eta taldeak, gehienez ere, hamaika neska-mutikok osatuko dute.

Udalekuetarako izena eman zutenek bihartik ostiralera bitartean egin ahalko dute matrikula (9.30etik 13.30era eta 16.00etatik 18.00etara) Indianokua Gaztelekuan. Aurrematrikula egin ondoren ez joatea erabaki dutenei hori jakinaraztea eskatzen zaie. Horretarako 688 892 666 zenbakira wasap-a bidali edota 943 206 231 telefonora dei egin daiteke.