Síguenos en redes sociales:

San Juan bezperako ekintzak, bertan behera

- Koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek aurtengo San Juan Sua ez ospatzeko erabakia hartu dute, beti ere, jende pilaketak saihesteko.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, "herritar ugari bildu ohi da Plaza Nagusian San Juan bezperan, eta herritar kopuru hori eta koronabirusari aurre egiteko protokoloa ez dira bateragarriak". Horregatik, hilaren 23an suaren bueltan plazan egin ohi den ekitaldia ez da izango.

Arrazoi berdinak tarteko, Azkoitiko Udalak Herriko Plazan suaren bueltan egiten den ikuskizuna bertan behera lagatzea erabaki du.

Udaletik jakinarazi dutenez, "aurten ez da San Juan surik piztuko Azkoitian San Juan bezperan". Arrazoia nabaria da: "Jendetza bildu ohi da suaren inguruan urtero eta aurten bizi dugun ezohiko egoera honetan ez da arrazoizkoa ikusi San Juan sua egitea eta jaia ospatzea".

Herriko plazan eta festa giroan egiten den ekitaldi hori ez ospatzeko erabakia Udaleko Aisialdia batzordean hartu da, Azkoitiko Udalbatzarrean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztietako ordezkarien adostasunarekin.

Gauzak horrela, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Azkoitia eta Azpeitiko bizilagunek datorren urteko ekainaren 23ra arte itxaron beharko dute suaren inguruan batu eta usadioari jarraituz, udako solstizioari ongi-etorria emateko.