- Ordiziako Herri Antzokian bihar bertan hasiko da zinema eskaintza berriz, nahiz eta aldaketa nabarmenak izango diren osasun neurriei dagokionean. Hiru hilabetez inolako emanaldirik eskaini gabe egon ostean, gogotsu agertu dira bertako arduradunak berriz ere herritarrei zinema saioak eskain-tzen hasteko.

Hala, astero film emanaldi bat egingo dute, eta ez da bakarrik asteburuan gozatu ahalko, izan ere, aste barruko egunetan ere egongo da horretarako aukera. Hala, Jojo Rabbit filma bihar hasi eta osteguna bitartean egongo da ikusgai: bihar 22.15ean; larunbat, igande eta astelehenean 19.30ean; eta astearte, asteazken eta ostegunean 20.30ean.

Datorren ostiralean, hilak 19, hasi eta ondorengo egunetan Adú filma emango dute eta hilaren 25ean, osteguna, Nabucco operaz gozatu ahalko da, nahiz eta ez den zuzenean eskainiko. Ekainarekin amaitzeko, 26an hasi eta uztailaren 2a bitartean Especiales izango da eskainiko den filma.

Ikusleen segurtasuna bermatzeko sarrera guztiak zenbakituak izango dira, distantziak mantentzeko eta antzokira sartzerakoan eskuak garbitu beharko dira; horretarako, gel hidroalkoholikoa jarriko dute sarreran. Zine barruan, maskara jantzita egon beharko da uneoro, aldaketa berririk izan ezean. Komun bakarra zabalduko dute, berriz, eta banaka joan beharko da bertara. Jende kopurua ere mugatu egingo da.