Síguenos en redes sociales:

Hitza landuz... hitzaren jabe egiteko

Hitza landuz... hitzaren jabe egiteko

dazleak, gidoigileak, itzultzaileak, zinegileak, antzerkigileak, esatariak, bertsolariak.... kulturgile bakoitzak bere adierazpidea aukeratzen duen arren, eta bere jarduerari ekiteko horren teknikak menperatu behar dituen arren, bada zerbait kulturaren hainbat diziplinetan murgilduta dauden sortzaile guztiak elikatzen dituena: hitza.

Hori argi izanda, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Kulturaz Kooperatibak eta Udalak Hitzaren Eskolaren lehen edizioa burutu zuten joan den urtean Soreasun kokatuta dagoen Dinamoa Sormen Gunean eta izandako harrera ona ikusita, esperientzari jarraipena ematea erabaki dute.

Hala, aipatutako eragileek Hitzaren Eskolaren bigarren edizioan parte hartzeko izena emateko epea ireki dute (ekainaren 8ra arte dago irekita) eta interesatuek dinamoa@dinamoa.eus helbidera idatzi edo 635 738 760 telefono zenbakira dei dezakete informazioa eskatu edota izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Hitzaren Eskolak 120 orduko iraupena izango du (irailaren 9tik 2021eko martxoaren 27ra arte luzatuko da) eta saioak (presentzialak) asteazkenetan (18.00etatik 20.00etara) eta larunbatetan (10.00etatik 13.00etara) egingo dira. Matrikula orokorraren prezioa 375 eurokoa da baina ikasle, langabe eta erretiratuek 250 euro ordaindu beharko dituzte bakarrik.

Hitzaren Eskola "18 urtetik gorako euskaldunei, hitzaren lanketa sormenetik abiatu nahi duenari, hitzaren eremuan trebatu eta sakondu nahi duenari eta hitza ardatz duen komunitate bateko kide izan nahi duenari" zuzenduta dago.

Egiturari dagokionez, Eskolak hi-tzaren hainbat adierazpidetan erreferente diren sei irakasle-tutore izango ditu (Andoni Egaña, Maddi Barbier, Iñigo Aranbarri, Haizea Barcenilla, Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe) eta horietako bakoitzak hilabetez jardungo du. Hori bai, sei irakasleak hilero bilduko dira eskolaren beraren jarraipena egiteko.

Kulturaz kooperatibatik azaldu dutenez, "hitza bera ardatzean jarrita egin nahi dugu eskola hau. Ez disziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin". Eta horretarako, "hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak ekarriko ditugu eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko", beti ere, osotasun baten bila: "hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea".

Eskolak herritar guztiei irekita egongo den ekitaldi bat antolatuko du hilero, "hilabete horretako irakasleak hautatua eta hilabete horretako jardunarekin lotuta".

Andoni Egaña, Maddi Barbier, Iñigo Aranbarri, Haizea Barcenilla, Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe izango dira aurtengo irakasle-tutoreak