Síguenos en redes sociales:

Usurbilek bi milioiko soberakina izan du 2019an

Udalaren egungo egoera ekonomikoa ona da, baita birusari aurre egiteko ere

Usurbilek bi milioiko soberakina izan du 2019an

- Usurbilgo azkeneko Osoko Bilkuran, Youtube bidez ikusi ahal izan zena, 2019ko diru kontuen likidazioaz azalpenak eman ziren. "2019ko abenduaren 31n, lau milioi euro inguru izakin likido zeuden Udalaren kontu korronteetan: asko da Usurbil bezalako herri batentzat", jakitera eman zuen kontu-hartzaileak. Bere esanetan, lau milioi euro horietatik bi milioi gastu orokorretarako gerakina da, hau da, Udalak edozertarako erabil ditzake.

Kontu-hartzaileak zehaztu zuenez, gainera, azken urte guztietan, Udalak aurrezki garbiak izan ditu, alegia, sarrera arruntak gastu arruntak baino handiagoak izan dira. "2019an, 2,5 milioi ingurukoa izan da, aurreko urtean baino 700.000 euro gehiago", azpimarratu zuen.

Horrez gain, gogoratu zuen 2018an eta 2019an finantza plan bat izan zuela Udalak, eta "oso ondo" bete duela: "Gaur egun, koltxoia daukagu, eta egoera onean dagoela esango nuke, baita inork espero ez zuen birus honi aurre egiteko ere".

Kontu-hartzaileak aurkeztutako txostenean ageri diren bi daturi buruzko galderak egin zituen EAJk. Batetik, saldo kobragaitzean jarri zuen arreta: "Kobratuko ez den dirua da, ezta? 2,5 milioi, izugarri da, ezta?". Bestetik, gehiegizko finantzaketari lotutako 2,2 milioiak Zumarteko obrei lotutakoak diren galdetu zion.

Kontu-hartzailearen esanetan, Udalaren kontu korronteetan lau milioi inguru egoteaz gain, 3,6 milioi euro ditu kobratu gabeko saldoetan, baita 1,6 milioi euro ordaindu gabeko saldoetan ere. "Beharbada, kobratu gabekoetan, gehiegi daude. Zergatik? Batzuk 1995az geroztik daude hor, eta oso gutxi dira kobra-tzen direnak". Horrez gain, baieztatu zuen lotutako gastuen zati handi bat Zumarteko maileguari eta obrari lotuak daudela: zehazki, 1,6 milioi euro ziren, abenduan.

Kontu-hartzaileak gehitu zuenez, gainera, erabilpen librerako 1,9 milioi euro ditu Udalak: "Usurbil bezalako udalerri batentzat altxor ederra da, malgutasun handia ematen duelako: ez da 2019an sortu, aurreko urte guztietan baizik". Ukatu egin zuen diru hori edukitzea eta aurrekontuaren exekuzioa hain ona ez izatea baliokideak direnik: "Sarreren %85,3 exekutatu da, eta gastuen %72: datuetan oinarrituz, aurreko urteko erreferentziak hartuta eta inguruko Udalen datuak hartuta, exekuzio maila onak dira".

Bestalde, ibilgailuen zergaren inguruan, Agurtzane Solaberrieta alkateak esan zuenez, nahi duenak kobraketa itzul dezake eta aurrerago berriz ordaindu, egutegi fiskal berriaren arabera.