- Azoka egiten den Goierriko herrietako azkena izan da Beasain berriz ere ekintza hau antolatzen. Atzokoan zabaldu zituen azokak berriz ere ateak, segurtasuna bermatuz erosle eta saltzaileei eta azoka egokituaren guneak bitan banatuz.

Alarma egoeraren neurrien leun-tzeak ekarri du Udal Gobernuak erabaki hau hartzea. Hala, goizeko 8.30ean ireki zituen bere ateak azoka berezi honek, eta eguerdiko 12.30ra arte egon zen. Bi eremutan banatuta, ekoizleen arteko distan-tziak bermatu ziren. Plazaren goikaldea eta plazapea izan dira azokaren eremuak, eta hemendik aurrera astearteetan egingo den azokaren kokalekua horixe izango da.

Goiko aldea sei postu kokatu ziren, kioskotik Kale Nagusiaren aldera, hiru frutazale, lore saltzailea, bakailu salmenta eta fruitu lehorrak saltzen dituenetako bat. Beheko aldean, berriz, 9 postuk jarri dituzte salgai haien produktuak: sei baserritar, bi fruitu lehor saltzaile eta enbutido saltzaile bat.

Zorrotz bete dituzte postuen arteko distantziak; bakoitzari lau metro eta erdiko azalera ezarri dizkio Beasaingo Udalak. Hala ere, konfinamenduaren zero fasean egonda, oraindik ere elikagai postuak bakarrik egon dira salmentarako baimenduta Beasaingo azokan, eta arropa postuei oraindik ez uztea erabaki dute herriko arropa dendek irekitzen duten artean.

Azokaren gune bakoitzean sarrera-irteera bat ezarri da eta aldian aldiko 15 pertsona sartu daitezke bertara. Pertsona horiei maskara eta eskularruak jartzea eskatzen zaie, eta, horrez gain, hidrogel desinfektatzaileaz garbitu behar dituzte eskuak. Noski, azoka barruan distantzia soziala mantendu eta banaka egin behar dira erosketak.