Oarsoaldeak ostalarientzat 'online' topaketa antolatu du
Gipuzkoako ostalarien presidenteak sektorearen kezkak erantzungo ditu eta etorkizunaz mintzatuko da bihar goizean
- Oarsoaldea agentziak, eskualdeko merkatari, ostalari eta zerbitzu elkarteen eskutik eta tokiko ekonomiari laguntzeko #NikOarsoaldean kanpainaren barnean egiten ari den topaketa eta ekintzen barruan, doako laugarren online topaketa bat antolatu du bihar, 10.00etatik 11.00etara bitartean, ostalaritzarentzat izango dena zehazki.
Saio honetan, Gipuzkoako ostalarien presidente den Mikel Ubarrechenarekin sektorearen egungo eta etorkizuneko egoeraz hitz egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek. Interesa dutenek izen-ematea https://labur.eus/77nUE webgunearen bitartez egin beharko dute eta saioa Zoom plataformaren bidez eskainiko da.
Topaketa honen antolatzaileek aditzera eman dutenez, asko dira sektorea kezkatzen duten eta eran-tzunak eta irtenbide posibleak behar dituzten alderdiak: ziurgabetasuna eta kezka deseskaladaren aurrean, jarduera garatzerakoan aurreikusten diren arriskuak, edukierei buruzko zalantzak, establezimenduak irekitzearen errentagarritasunari edo errentagarritasunik ezari buruzko zalantzak, berrasmatu beharra, hartu beharko diren babes-neurriak...
Azkenik, Jexux Leonet, garapen agentziako presidenteak, eskualdeko pertsona interesdun guztiak animatu nahi ditu aurrera eramaten ari diren webinar eta ekintzetan parte hartzera, sektorea berrasmatu eta indartzeko onurak eta gakoak eman baititzakete hauek, Oarsoaldeko hiri-ekonomia eta gizarte-ongizatea hobetuz.