- Kronabirusaren krisiak irauten duen bitartean gizarte kohesioari eusteko, Urretxuko Udalak ekimen berritzailea jarri du martxan: Karabin, karaban du izena. Podcast formatuko irratsaio honek herritarren bizipenak ezagutzera emango ditu, telefonoz egindako elkarrizketen bitartez.
Irratsaioa Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuak zuzenduko du, eta aurkezle lanak Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza programako dinamizatzailea eta kazetaria den Monica Leivak egingo ditu. "Karabin, karaban saioa bizi dugun garai honetan entzuteko eta adierazteko espazio bat da: koronabirusaren pandemia toki eta kolektibo ezberdinei nola eragiten ari zaien erakutsiko digun espazioa" azaldu du Leivak. "Orain, sozializazio guneak etxeko intimitatera murriztu diren honetan, ekimen honek etxetik ere komunitatea eraikitzen jarraitzeko aukera ematen digu. Irratsaioan besteekiko interesa agertuko dugu, eta kolektibo jakin batzuek pairatzen duten estigmaz ere arituko gara".
Etxetik eta baliabide oso xumeekin egindako saio hauek ordubeteko iraupena izango dute, eta bi bertsiotan argitaratuko dira: euskaraz eta gazteleraz. Elkarrizketak elebidunak izango dira.
Audio fitxategi batean, ordenagailu edo sakeleko telefono batetik entzun edo deskarga daiteken podcast bat izango da. Bakoitzak nahi duenean eta nahibestetan entzun eta deskargatu daiteke. Karabin, Karaban saioak Udalaren webgunetik (urretxu.eus) en-tzun daitezke eta sare sozialetan ere zabalduko dira; Facebook eta Twitterren. Lehen bi saioak eskuragarri daude jada. Programan parte hartu nahi dutenek 619 030 489 telefonora deitu behar dute edo aniztasuna@urretxu.eus helbidera idatzi.