- Datorren ekainaren 6an egitekoa zen Aizkorriko Biraren aurtengo edizioa, ordea, bertan behera uztea erabaki du zuzendaritzak. 2002an sortu zuten Beasaingo Aizkorri Mendizale Elkarteak. Bi urtean behin egiten den mendi martxa luzea da, non denborak ez duen garrantziarik.
Ekimena hasi zenetik lehen etenaldia egingo du Tomas Salazar-Aizkorriko Birak. "Pena handiz baina hartu beharreko erabakia izan da", azaldu du Izaskun Salazar antolatzaileak. Badakite aurten ez dela birarik egongo, baina ezin du aurreratu noiz izango den hurrengoa: "Bi urtean behin egiten dugunez, ez dakigu oraindik ea datorren urtean egingo dugun edo hemendik bira. Hori aztertu beharra daukagu", gehitu du.
130 lagun inguru elkartzen dira egitasmo honen baitan. Horiez aparte, beste 80 gaztetxok ere parte hartu dute azken edizioetan. Gazteenen-tzako Aizkorriko Bira 2014an hasi zen, eta bi ibilaldiek "harrera oso ona" dutela gaineratu du Salazarrek. Marrazki lehiaketa ere barneratzen du birak, baina oraingoz hori ere etenda geldituko da. Hala ere, orain arteko laguntzaile eta kolabora-tzaileei eskerrak eman nahi izan dizkie, beti alboan izan eta edozein gauzetan laguntzeko prest agertzeagatik.
Mendi martxa luzea da, izan ere, 52 kilometrok osatzen dute. Hala, Beasain abiapuntu hartuta, Olaberritik Etxegaratera joan, bertatik Otzaurte zeharkatuz Aizkorrira igo eta Zegama, Zerain eta Urbizutik Beasainera bueltatzen dira mendizaleak. Dudarik gabe, inguruko paisaia ederrenetaz gozatzeko aukera izaten dute bertan. Gaztetxoenen ibilbidea laburragoa da, 16,8 kilometrokoa hain zuzen ere. Hauek ez dira Aizkorrira igotzen, baina Aizkorpeko herrietatik barrena igarotzeko aukera izaten dute. Ea aukerarik baden datorren urtean edo hemendik bi urtera biraz goza-tzeko.