Karrikako erreka lehengoratuko da
- Oiartzungo Udalak bigarren fasea hasteko beharrezko baimenak eman dizkio aurten Gipuzkoako Foru Aldundiko Lan Hidraulikoen Zuzendaritzari. Bizi dugun egoera dela eta, ordea, ezin daiteke aurreikusi noiz hasiko diren lan hauek. Lanek 171.189,29 euroko aurrekontua dute eta Europako Feder planaren laguntza ekonomikoa jasoko dute.
Karrika errekako habitat naturala kontserbatzeko, lehengoratzeko eta uraren ekosistema hobetzeko Galtzaraberriko presa eraisteko lanak abiatu dira. Presa kenduta, arrainen migraziorako oztopoa kentzea da helburua.
Galtzaraberriko presak 32,50 metroko zabalera eta lau metroko altuera zuen eta aspaldiko urteetan ez da erabiltzen. Lehendabiziko fasean, presaren eraiste partziala egin zen. Lehengoratzeko proiektuaren baitan, Urzelaietako zentral hidraulikoa ere eraitsi da.
Bigarren fasean, geratzen den presa zatia eraitsi, sarbidea konpondu, errekaren ibilgura sarbidea egin, ibilgua hondeatu, zubi zimendua lurreztatu, drainatze lanak egin eta ezponda babesteko harri-lubetak jarriko dira.
Galtzaraberriko zubia bere horretan utziko da. Eremua Aiako Harria Parke Naturalaren barruan dago.
Bestalde, aurten ere, Hernanin kokatzen den, baina Errenteriako Udalaren jabetzakoa den, Ereñotzuko zentral hidroelektrikoaren presa eta arrain eskala botatzea erabaki da, hiru urtez geldirik egon delako.
Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak bukatutzat jo zuen urte hasieran Errenteriako Udalaren Urumeatik 4.000 litro ur segundoko hartzeko eskubidea. Udalak erabaki honen aurka helegitea aurkez zezakeen, baina ez du egin, presa hau Natura 2000 Sarean integratuta dagoen Urumeako Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) helburuekin bateraezina delako. Beraz, Errenteriako Udalak hamar hilabeteko epean bertako presa eta arrain-eskala botatzeko proiektu bat aurkeztu behar du.