- Azkarate gainako lur eremu batean hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko proiektatutako plantaren atzean "Zaldibarko eredua" ikusten duela azaldu ondoren, Azkoitiko EH Bilduk esan du "Udal gobernuaren esku" dagoela Larke enpresak gauzatu nahi duen proiektu horrekin amaitzea.
Koalizioak dio azken egunotan "ahalik eta informazio gehien biltzen eta aztertzen" aritu dela, eta horren ondorioz gaiari buruzko bi azalpen eman nahi izan dizkio azkoitiarrei.
Batetik, EH Bilduk esan du Larke enpresak Azkarateko lurretan zabor planta egin ahal izateko, Azkoitiko Arau Subsidiarioak aldatu behar direla, "gaur gaurkoz lur horiek ez urbanizagarriak direlako".
Aldaketa horiek Udalbatzak onartu behar ditu eta horregatik koalizio abertzaleak ez ditu Javier Zubizarreta alkateak egindako adierazpenak ontzat hartzen: "Udalak lizentzia eman besterik ezin duela egin adierazi du eta hori ez da horrela; Arau Subsidiarioen aldaketa ez egitea aukeratu dezakete proiektua geratzeko", diote EH Bildutik.
Bestetik, koalizioak "zabor planta egitekoak diren lurretan baimenik gabeko lanak egiten ari direnaren susmoa" du, "jasotako eta aztertutako informazioak hori aditzera ematen duelako". Hori dela eta, Bilduk eskaera ofizial bat egin dio alkateari "berehalako ikuskaritza bat egiteko eta baimenik gabeko lanak baleude gelditzeko eta dagokionaren aurka hartu beharreko neurri zuzentzaileak hartzeko eskatuz". Bilduren ustetan "Udalaren ardura da hori zaintzea eta lan horien gainean egotea".