Síguenos en redes sociales:

Isuna produktu ekologikoak etxez etxe banatzeagatik

Isuna produktu ekologikoak etxez etxe banatzeagatik

- Pasa den martxoaren 30ean Legazpiko Basherri kontsumo taldeko bi kidek isuna jaso zuten. "Ertzainek bakoitzari 600 eurotik gorakoa izan daitekeen isuna jarri zieten, produktu ekologikoak etxez etxe banatzeagatik, Elika fundazioak zehaztutako segurtasun protokoloa zorrotz betetzen ari zirela". Gertaera horren aurrean, taldea Udalarekin haserre agertu da, "oinarrizko elikagaien banaketarako irtenbideak topatu eta aztertu beharrean, oztopoak jarri dituelako".

Udalak banaketa bere langileen esku uztea erabaki zuen, baina kon-tsumo taldekoen ustez erabaki hori berandu heldu zen. "Egia da, gertakari horien atzetik Legazpiko Udalak erreakzionatu egin duela eta irtenbide bat ematen saiatu dela arazoari. Orain Udal langileek egiten dute banaketa. Beharrezkoa al zen egoera honetara iristea? Udalak kaleratutako albistean esaten da kontsumo taldeak zailtasunak dituela segurtasun neurriak betetzeko, eta hori gezurra da. Kontsumo taldeak ez du zailtasunik segurtasun neurriak betetzeko. Guk uste dugu Ordizian edo Zumarragan bezala bideragarria dela asteroko azoka egitea eta kontsumo taldearen banaketa Legazpiko Azoka egunean egitea".

Beraien ustez, Legazpiko Udalak ez ditu lehenengo sektorea eta tokiko baserritarrak babesten. "Egoeraren inguruan egin duen irakurketa partzialak hori erakusten du: murrizketak aplikatu dira, baina inguruko herriek asteroko azokak mantendu dituzte. Baserritarrek oinarrizko elikagai horiek, ogia, barazkiak edo esnekiak saltzeko aukera izan dute, eta kontsumo taldeek ez dute arazorik izan euren asteroko banaketa egiteko".

Udalak erabaki guztiak ekoizle eta kontsumitzaileekin hitz egin gabe hartu dituela gehitu dute. "Ez da komunikaziorik ez elkarlanik egon. Kontsumitzaileek alkatearekin harremanetan jarri nahi izan dute eta honek ez dizkie deiak itzuli. Are gehiago, ertzainek, kontsumo taldekoei isuna jarri zieten egun berean, Udaletik dei bat jaso zuten, kontsumo taldeari jarraipena egiteko eskatuz. Kontsumo taldekoak oraindik dei horren zain daude. Eta hartutako azken erabakia prentsaren bidez ezagutu dugu. Eta zer esan Udalaren webgunean argitaratu den albiste faltsuaren inguruan? Informazio tendenziosoa da, komunikazio ezaren adierazle garbia".

Legazpiko kontsumo taldekoek beraien helburua ekonomia solidarioagoa, kontzienteagoa eta osasun-tsuagoa bultzatzea dela gogoratu dute. "Jan, erosi eta kontsumitzen ditugun produktuei eta zerbitzuei garrantzia ematen diegu. Izan ere, gure kontsumo era eta ohiturek ondorioak eragiten dituzte bai jendartean, bai ingurumenean".

Nekazal produktuak gertuko baserritarrei zuzenean erosten dizkietela gehitu dute. "Baserritarrak astero bere produktuekin osatutako otarra prestatzen dio kontsumitzaile bakoitzari eta astelehenetan Azoka gunean egiten da banaketa. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren aurrean kontsumo taldeak banaketa Azoka gunean egiten jarraitzeko baimena eskatu zion Udalari, beti ere, Biolurrek Gipuzkoako kontsumo taldeetarako zehaztutako segurtasun protokoloa jarraituz".

Azkenean, Eusko Jaurlaritzak azokak antolatzeko debekua atzera bota du. Azokak egin daitezke, beraz. "Horretarako, Legazpiko Udalak orain arte erakutsi ez duen borondatea erakutsi beharko du".

Bukatzeko, babesa eman dieten guztiei eskerrak eman dizkiete. "Kontsumo eredu honetan sinesten duzuen guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu, elikadura subiranotasunaren alde egiteagatik. Baita ere eskertu Euskal Herri osotik jaso ditugun babes eta animo mezuak. Bitartean zaindu, eta gorputza eta burua ondo elikatu".

Udalak oinarrizko elikagaien banaketa oztopatu duela eta erabaki guztiak ekoizle eta kontsumitzaileekin hitz egin gabe hartu dituela diote