Síguenos en redes sociales:

Atzeratu dituzte lehen jaunartze ospakizunak

Maiatzean egitekoak ziren baina alarma egoeraren ondorioz Azpeitian irailean egingo dira eta Azkoitian, berriz, urrian

- Koronabirusak sortutako egoerak udaberri honetan egitekoak ziren mota ezberdineko ekintza ugari bertan behera utzi edota atzeratzera behartu du. Horien artean Urola Erdian maiatzerako aurrikusita zeuden lehen jaunartze ospakizunak daude.

Azpeitia eta Azkoitiko parrokietako arduradunek dagoeneko eman dituzte ezagutzera ospakizun horietarako data berriak.

Azpeitian 90 bat umek egingo dute aurten lehen jaunartzea (horietatik 11 Urrestillan) eta parrokiatik azaldutakoari eutsiz, "maiatzaren 3an egin behar zutenek irailaren 13an izango dute hitzordu berria, maia-tzaren 10ean egin behar zutenek irailaren 20an, eta maiatzaren 17an jaunartzea egin behar zutenek irailaren 27an egingo dute azkenean".

Urrestillako haurrek maiatzaren 24an egin behar zuten udazkenera ere atzeratu den lehen jaunartzea. Ospakizuna urrian egingo da baina data berria hurrengo egunotan zehaztu eta jakinaraziko dute.

Guztira 70 bat haur izango dira aurten Azkoitian lehen jaunartzea egingo dutenak. Hasiera batean datorren hilaren 24an eta 31n egin behar zituzten aurtengo lehen jaunartzeak, baina koronabirusaren krisiak eraginda data horiek bertan behera utzi eta uda ondorenerako data berriak jarri behar izan ditu Parrokiak.

Azkenean, Azkoitiko umeek irailean izango dute ospakizun horretarako prestatzeko aukera eta urriaren 4an eta 11n egingo dituzte lehen jaunartzeak.