-Tolosako Topaguneak azken asteetan hartu duen martxa berean jarraituko du datozen egunetan ere, COVID-19aren ondorioz aurtengo Bazko Asteko prestatutako egitaraua ere online izango baita.

Asko dira azken asteetan Gazte Topaguneak proposatutako ekintzetan parte hartzen ari diren gazteak, eta Tolosako Udaleko Gazteria sailak, orain arteko ildotik, egitarau berezia prestatu du Aste Santuetako egunetarako ere. Hala, apirilaren 14tik 19ra bitartean goizero eta arratsaldero hainbat ekintza egingo dituzte Instagram bidez.

Geroz eta gehiago dira Tolosako Topaguneak proposatutako ekintzetan parte hartzen ari diren gazteak, eta dagoeneko 600 jarraitzaile inguru ditu Instagram kontuan. Sare sozial honetako stories-etara igo-tzen dituzten edukiak (asmakizunak, galderak, aholkuak€) batez beste 210 gazte inguruk ikusten dituzte, eta ekintzaren arabera 40 gazte inguru izaten dira parte hartzen dutenak.

Hala, datorren astean goizetan 11.00etatik 12.30ra bitartean asmakizunak, galderak, aholkuak eta abar zabalduko dituzte Topaguneko hezitzaileek Buruari eragin! izenburupean.

Arratsaldero, berriz, 18.00etatik aurrera, ekintza ezberdin bat egingo dute: asteartean eta igandean Pinturillo txapelketa; asteazkenean erronka bati erantzun beharko diete gazteek; ostegunean ariketa fisikoa egingo dute Just Dance jokoa erabiliz; ostiralean etxean egindako pintxoen lehiaketa egingo dute; eta larunbatean eskulana eta Nora bidaiatu nahiko zenuke? izenburupean argazki katea egingo dute. Ekintza guztiak Topagunearen Instagram kontutik jarraitu daitezke (@Topaguneatolosa).