Bota bertsue! lehiaketa martxan da
Eskualdean bertsolari berriak sortu eta bertsolaritzaren sua bizirik mantentzeko 2000. urteko otsailaren 1ean sortu zen Erniarraitz Bertsozale Elkarteak Bota bertsue! lehiaketa antolatu du.
Gaur egun bizi garen egoerara egokitutako sariketa hori nahi duten bertsozale guztien partaidetzari irekita dago eta adinaren araberako bi mailatan banatu da. Horietako bat 14 urtetik beherako bertsozaleei zuzenduta dago, eta bestea, 15 urtetik gorakoei.
Erniarraitz elkarteak Bota bertsue! lehiaketaren berri emateko kaleratutako oinarrietan jasotakoari eutsiz, "15 urtetik gorako herritarrek gai librean egindako bertsoa bidali behar dute lehiaketan parte hartu ahal izateko", baina ondorengo irizpidea kontuan izanda: "parte-har-tzaileek ezin dute koronabirusaren inguruan idatzi".
Bestetik, 14 urtetik beherako haur eta gaztetxoei zuzendutako kategoriari dagokionez, "parte-hartzaileek, bertso bat edo bi kopla bidal ditzakete egitasmoan parte hartzeko". Hori bai, hauen kasuan gaia ez da librea; Erniarraitz elkartetik jarritakoa baizik. Gai hori ondorengoa da: Eskolara itzuli nahi dut.
Edonola ere, bi mailetako parte-hartzaileek "gehienez bi bertso" aurkez ditzakete lehiaketara eta parte hartzeko interesa dutenek bihar arte bidal ditzakete okasiorako prestatutako lanak erniarraitz@gmail.com helbide elektronikora.
Bertako produktuen otarra
Erosketa bonoa
Erniarraitz Bertsozale Elkarteak sari bereziak prestatu ditu Bota bertsue! lehiaketara aurkeztutako lan onenen egileak saritzeko.
Izan ere, 15 urtetik gorakoen mailako irabazleak Azpeitiko Elikaguneak prestatuko duen bertako produktuz osatutako otarra eramango du etxera eta 14 urtetik beherako kategoriaren irabazleak Azkoitiko Hizki dendan gastatzeko 50 euroko bonoa eskuratuko du.
Konfinamendu egoera arintzeko martxan jarritako Bota bertsue! ekimenaren bultzatzaileek bailara eta Gipuzkoa osoko bertsozaleak animatu nahi dituzte lehiaketa berri honetan parte hartzera. Herritar guztiok etxean egotera behartuta gaudela kontuan izanda, gaurko plan polita izan daiteke bertso bat idatzi eta Erniarratz elkatera bideltzearena. Bertsozaleak bertsoa botatzeko garaiz daude oraindik.