spainiako egoera okerrera zihoan eta mugak ixten hasiak ziren. Hau da Mikel Oteiza aiarrak Hanburgotik (Alemania) pasa den astean bizi izan zuen egoera.
Azken urteko medikuntza graduko ikaslea da Oteiza eta 2019. urteko udan abiatu zen Alemaniarantz, bertan Erasmus programaren baitan praktikak egiteko asmoz.
Denbora honetan, Hanburgo hiriko UKE ospitalean ibili da eta azken aste hauetan, begi bat Espainian izan duela aitortu du: "Egunetik egunera egoera okertuz zihoala esaten zidaten gurasoek eta Alemanian ere gertutik ikusten nuen hainbat neurri hartzen hasiak zirela, baina Espainiarekin alderatuz, bi aste beranduago hasi dira COVID-19ari aurre egiteko erabakiak ezartzen". Hala, berandu izan baino lehen pasa den larunbatean Euskal Herrira itzultzea otu zi-tzaion eta igandean bertan iritsi zen etxera.
Alemaniako hainbat hiritan konfinamendua ezarri badute ere, Hanburgoren egoera "lasaiagoa" zela jakinarazi du: "Tabernak, jatetxeak eta bestelako aisialdiko establezimenduak ixteko agindua eman zuten, baina oraindik, hiriak martxan jarraitzen zuen, lokal asko irekiak baitzeuden", azaldu du medikuntzako ikasleak. "Lasai asko irten zitekeen kalera", gaineratu du.
Zentzu honetan, egoera honen aurrean, ospitalean ere oinarrizko prebentzio neurriak hartu zituzten: "mediku guztiek jantzi behar zituzten bai eskularruak eta baita aurpegiko maskarak ere, beste hainbat gauzen artean".
Bere kasuan, ordea, koronabirusak "zeharkako eragina" izan du. Azken hilabete hauetan ez du birusa harrapatu duten pazienteekin lan egin, psikiatriako arloan egon baita depresioa jasaten duten herritarrak tratatzen. Hala ere, arrisku honen baitan, "askok etxera joateko baimena eskatu digute, eta eman egin behar izan diegu", azaleratu du.
COVID-19aren arazo larriena "ezjakintasuna" dela dio: "Ez dakigu zenbaterainoko eragina izango duen gizartean ezta guregan ere", argitu du.
Oteizak arrazoi hori tarteko erabaki zuen etxera bueltatzea: "Apirilaren erdialde arte egon behar nuen Hanburgon eta maiatzaren bukaeran Gradu Amaierako Lana aurkeztu beharra daukat. Beldurra ematen zidan bi aste gehiago egon eta ezin bueltatu geratzeak".
Ordurako, egoera hobetzen ez bada, bideokonferentzia bidez aurkeztu beharko du proiektua.
Ekainean, MIR azterketa presta-tzeko, Oviedora doa Oteiza, baina oraingoz, hori ere "airean" dago aiarrarentzat.
Beste hainbat ikasleekin batera, boluntario gisa egungo ospitaleetan lan egiteko prest agertu da medikuntza graduko ikaslea. Momentuz, ordea, ez du inoren deirik jaso eta etxean geratuko da beste herritarrak bezala, konfinamendua betetzen.
"Hanburgon establezimenduak ixteko agindua eman bazuten ere, hiriak martxan jarraitzen zuen"