lazkao - Musika eta kulturaren esparruak berriz ere, beste urtebetez, uztartu egingo dituzte Lazkaon, herritarrei eta ingurukoei eskaintza zabala esku artean jarriz. Hain zuzen ere, Lazkao Txiki Musika Eskolak kultura astea antolatu du martxoaren 23tik 29ra bitarterako eta egun horietan ekitaldi ugari izango dira musikaren arloa landuko dutenak. Seigarren ekitaldia du aste berezi honek, eta orain artekoetan gertatu moduan arrakasta handia lortzea espero dute antolatzaile guztiek.

Elkarlanaren emaitza da aste hau, eta aurten ere modu berekoa izango da. Oin-Arin dantza taldea, Maizpide euskaltegia, Gerriko kultur elkartea, Sanitas-Txindoki egoitza, Orobione jubilatu elkartea, San Benito ikastola eta Lazkaoko Udalak ez dute aukera galdu egutegi zabala osatzeko.

Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkateak, hala nabarmendu du: "Herriko eragile desberdinek eginiko elkarlana. Benetan txalotzekoa da. Esparru eta diziplina desberdinetan lanean ari zareten eragileekin sinergiak sortu eta indarrak batzea lortu duzue eta horren emaitza ikusgarria izango dela aurreratzea ausartzen naiz".

Lankidetzaren ondorioa bada ere, musika eskolako ikasleek hartuko dute protagonismoa ekintza askotan. Hala nola, Beñat Barandiaran ikasleak, gitarra jotzeko modu bereziak erakutsiko ditu emango duen tailer batean, horietako bat ikastolako ikasleentzat zuzendua izango da, eta, bestea, aldiz, herritar guztiei irekia eta edonork parte hartu ahalko du. Hilaren 23an izango da Musika eskolan, 13.30ean eta 20.00etan; azken ekitaldi honentzako Angel Untzu lagun izango du.

Horren ostean, Euskal Kantu txapelketaren txanda izango da eta ekimen hau 17.30ean hasiko da Areria aretoan. Euskal Herriko kantu ezagunak eta ez horren ezagunak oinarri hartuta abiatuko dute saioa parte-hartzaileek. Gerrikorekin elkarlanean antolatu duten ekitaldia da, eta seigarren edizioa izango du. Oin Arin dantza taldearekin batera egingo da; erromeria girotuko dute musika eskolako trikitilariek plaza nagusian.

musika bisuala Hilaren 24ean, asteartea, goizeko 10.30ean bingo musikalari ekingo diote, Orobionen ipuin musikatuaren txanda 14.30ean izango da. AMAk taldea, bestalde, 19.00etan hasiko da kultur etxean, eta Sokak ikus-entzunezkoaren emanaldia 21.30ean hasiko da Arerian. Barandiaran gitarra jotzailearen sorkuntza da. Hala nabarmendu du ikasleak: "Soka elementuan oinarrituta dago ikus-entzunezkoa, musika, natura eta arrisku kirolak uztartuta sortu dena. Ikuskari poetikoa da, musika bisuala, hain zuzen. Une oro, hari-tresnen musika dauka en-tzungai, batez ere, gaztetxoek musika klasikoarekiko duten gaitzespena kentzeko". Musika klasikoak une lasaiak eta biziak eskainiko ditu eta ordubeteko iraupena izango ditu bi saioak. Kasu honetan ere bi hitzordu izango dira, ikasleentzako eta herritarrentzat.

Asteazkenean, berriz, helduentzako dantzaldia egingo da Orobione aurrean, 11.00etan hasita. Eguerdi aldera, aldiz, Beat Box emanaldia izango da ikusgai eta Attrium Ensemble taldeak 19.30ean hasiko du ikuskizuna, kultur etxeko erakusketa gelan. Ostegunean, 11.00etan eta 14.30etan ikusgai izango da Sokak ikusentzunezkoa Arerian, eta musika kalean 17.00etan. 19.00etan, herrian zehar batukada egongo da. Ostiralean, berriz, 11.00etan euskal kantuak Maizpideko kontzertu aretoan izango dira entzungai. 17.00etan erromeriak alaituko ditu Lazkaoko kaleak eta frontoian, 18.30ean, musika eskolako conboen kontzertua izango da. Larunbatarekin batera Lazkaoko IV. trikiti txapelketa jokatuko da arratsaldeko 17.00etan frontoian eta igandean emango zaio amaiera musika asteari. 13.00etan Maialen arzallus eta Ereintza dantza taldeak saioa eskainiko dute frontoian.

"Zazpi egunetan, musikari lotutako hainbat ekitaldi eta ikuskizun paregabe ikusi eta entzuteko aukera bikaina eskainiko zaigu lazkaotarrei eta kanpotik gerturatzen direnei", gehitu du alkateak.

Beñat Barandiaran ikasleak gitarra jotzeko modu bereziak erakutsiko ditu bi tailerretan; 13.30ean eta 20.00etan