Baranda berria jartzen hasi ziren atzo Kontxako pasealekuan, Ondarretako tuneletik gertu. Hilabeteak daramatzate hondartzako horma indartzen eta, lan horiek ia bukatuta, baranda jartzen hasi dira. Zehazki, Porton (Portugal) eraikitako lehen zatiak dira atzo jarri zituztenak.
Kontxako pasealekuko lanak iazko udan hasi zituzten, eta badirudi azken txanpan sartuta daudela jadanik. Euri-uren kolektorea aldatu zuten lehenengo eta, ondoren, horman hasi ziren lanean, hura egonkortzeko. Etenaldia egin zuten, dena den, azken lan horiek abiatu baino lehen, baranda berria eraikitzeko lantegirik ez zutelako topatzen. Izan ere, Gijongo galdategi batek sortu izan du azken urteotan Donostiako ikur den baranda, baina lantegia itxi egin zuten. Ez zen erraza izan beste bat aurkitzea. Azkenean, Portoko Companhia Industrial de Fundição (CIF) enpresari egin zioten eskaera eta uda amaieran ekin zieten berriro pasealekuko obrei.
Hasierako proiektua aldatu ere egin dute ordutik. Izan ere, horma indartzearekin batera, hondartzaren gaineko hegala zabaltzeko asmoa zuen Udalak, horrela, espaloia bera ere zabaldu eta handitzeko. Alabaina, abenduan Eneko Goia alkateak iragarri zuen hegala luzatzeko ideia bertan behera utziko zutela.
Horren ordez, errepideko errei bat kendu eta galtzadarantz zabalduko dute espaloia. Obrengatik errei bat itxita dago udazkenetik (espaloia ezin denez erabili, oinezkoak bidegorritik doaz eta txirrindulariak galtzadatik desbideratu dituzte) eta aukera aprobetxatu behar zutela erabaki zuten udal Gobernuko arduradunek, behin-behineko neurri hori behin betiko bihurtzeko. Horrela, proiektua aldatu eta horma indartu eta baranda berritzeaz gain, errei bat kendu eta espaloia zabalduko dute.
Horrekin batera, gune berdeak ere sortuko dituzte espaloia eta bidegorriaren artean. Tamariz zuhaitzak jarriko dituzte ilaran, garai batean zeudenak bezalakoak. Gaur egun arbolak Bainu Errege Etxetik (Gipuzkoako Piraguismo Federazioaren egoitza) metro batzuetara bukatzen dira eta, hemendik aurrera, ia tuneleraino iritsiko dira.
Azken fasea izango da hori eta, printzipioz, ekainaren hasierara arteko epea dute bukatzeko. Beraz, udarako guztia amaituta izatea espero du Udalak. Proiektuaren aldaketak aurrekontua bera handitzea ere ekarri zuen, 1,66 milioi eurora arte.
Azken urteotan La Perlatik Nautikora arteko baranda zatia aldatu izan du Udalak, eta berritzeke zegoen azken zatia da Antiguako tuneletik La Perlaraino doana. Lanen lehen fase honetan Ondarretatik gertuen dauden 200 bat metrotan ari dira lanean.