lEZO - Iazko arazoei irtenbidea eman eta konspostagailuen erabilera egokia bermatzeko asmoz, Lezoko Udalak aurten jarraipen bisitak areagotzeko erabakia hartu du.

Gogorazi dutenez, gaur egun Lezon bost auzokonposta-gune daude: Arretxenekoa, Lopenekoa, Aralarkoa, Andreonekoa eta Altamirakoa. Guztiek dute helburu bera: hondakin organikoak herrian bertan eta modu jasangarrian kudeatzea.

Ildo horretan, konposta-gune horien erabilera eta martxa ona bermatze aldera, jarraipen bisitak egiten dira, auzokonpostaren inguruko zalantzak argitu eta iradokizunak aurkezteko.

Joan den otsailaren 27an, 2020ko lehen jarraipen bilera egin zen eta horrekin batera, hasiera eman zi-tzaion urteko jarraipen kanpainari. Lehen saioan, jada, aurtengo helburu zein erronka nagusiari heldu zitzaion: Lezoko konpostajeari guztion artean bultzada ematea. Izan ere, 2019an etxebizitzetako erabiltzaileen kopurua jaitsi egin zen, (70tik 67ra), baina, datuei erreferentzia eginez gero, lortutako markak benetan aipagarriak dira: orokorrean, herritar bakoi-tzak eguneko 0,25 kilo hondakin organiko sortzen dituela kontuan hartuta, 2019an auzokonposta bidez Lezon 16.881 kilo inguru kudeatu zirela esan daitake. Horregatik, Udalak erabiltzaile oro zoriontzen du egindako lanagatik.

2020ko jarraipen bisitei begira, konpostagailuen erabilera ona bermatzea edota identifikatutako arazoei irtenbidea ematea da helburua. 2019an martxan zeuden konpostagailuen %55 egoera onean ala oso onean, %44 nahikoan eta soilik %1 egoera ezegokian zeudela ondorioztatu zen eta horien artean arazo errepikatuenak tenperaturarekin edo hezetasun mailarekin zer ikusia zutenak izan ziren (tenperatura baxuegia edota hezetasun maila altuegia).

Gauzak horrela, arazo horiei irtenbidea emateko eta konpostagailuen erabilera hobetzeko, aurten, bi jarraipen bisita gehiago egingo dira. Bisita horiek hileko azken ostegunean burutuko dira, abuztukoa eta abendukoa izan ezik; edozein kasutan, egutegian ala ordutegian edozein aldaketa aldez aurretik jakinaraziko da.

Bisitak, orain arte bezala goizeko 9.00etan hasiko dira eta ondorengo ordena jarraituko da: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene. Jarraipen saioek 45 minutu inguru iraungo dute eta erabiltzaileentzat ez ezik, herritar ororentzat irekiak izango dira.

Informazio gehigarria jaso edota zalantzak argitzeko, hauek dira komunikazio bide zuzenak: auzokonpostalezo@gmail.com eta WhatsApp zenbakia 647 057 402.

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman dizkie erabiltzaileei egindako lanagatik eta lezoar oro anima-tzen du konposta egitera.