zumaia - Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) idazketa prozesua jarriko du martxan Zumaiako Udalak. Azken honen betiko onarpenaren bitartean, ordea, hainbat fase izango dituen prozesu "luze eta konplexua" egingo du Udalak. Prozesu horretan, "ezinbestekoa" izango da herritarren parte hartzea.

Herritarren esku hartze horren birtartez, hiri-antolamenduari buruzko eztabaida publiko eta sozialak sustatzea espero du Udalak. Alde honetatik, Zumaiako etorkizuneko plangintzari buruzko hausnarketarako topaguneak sortuko dituzte, zumaiar orori zuzendutako parte hartze prozesu publiko baten bidez.

Horietan, herritarrak ekarpenak egiteko aukera izango dute. Aurkeztutako proposamen horiek hurrengo faserako erabilgarriak izango dira; Zumaiako HAPOren Aurrerakina idazteko, zehazki.

udaltzaingoaren egituran aldaketakEra berean, udaltzaingoaren egitura aldaketak izango dira, udalbatzak hala onartu baitzuen EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin eta EAJren aurkako botoekin.

Hala, Agente Lehen postua "beharrezkoa" dela eta, maila bereko beste bi postu gehiago sortzeko erabakia hartu zuten. Erabaki horren bidez, txanda bakoitzean Agente Lehen bat egongo da, txandaren koordinazioaren ardura izango duena, eta hiru udaltzain; hau da, txandako lau udaltzain ariko dira lanean, lehen baino bat gehiago.

Gainera, udaltzaingo postu arruntari euskarazko 2. hizkun-tza eskakizuna eskatzen zaio; Agente Lehen postuari, 3. perfila. Egungo udaltzainek perfil hori eskuratzeko aukera eduki dezaten, epea luzatzea erabaki zuten.

EAJk egitura aldaketa horren aurka bozkatu zuen. Jeltzaleen arabera, txandak osatzeko eta posotu guztiak bermatzeko zailtasunei konponbidea ematea dira lehentasuna, eta ez agente lehen perfileko postuak. Asier Arakistain pertsonaleko arduradunak azaldu nahi izan zuenez, "egoera horri erantzuteko Zumaiako Udalak lan poltsa propioa sortu berri du".

PSEko ordezkaria den Arritxu Marañon zinegotzia, berriz, "harrituta" agertu zen udal gobernuak proposatutako hizkuntza eskakizunaren aldaketarekin. Marañonek ere desadostasuna agertu zuen Udaltzaingoaren egitura berriarekiko EH Bilduk proposatu zuen aldaketari, baina hizkuntza eskakizuna eskuratzeko epea luzatzea egokitzat jo zuen, eta beraz, "horregatik" eman zion baiezko botoa planteatutakoari.