Kalean da jada Errenteriako Touring futbol klubaren albuma. 450 kromo inguru behar dira osoa betetzeko eta aste honetan aurkeztu dute. Bertan Touring osatzen duten maila desberdinetako taldeetako jokalari eta entrenatzaileak agertzen dira.

Lan honek oso itxura ona du, Panini enpresak Lehenengo Mailako talde guztiekin egiten zituen albuma dirudi.

"Aste honetan aurkeztu dugu eta ikusiko dugu zein erantzun duen herrian, agian berriro ere errepikatutako kromoak dituzten neska-mutilak ikusiko ditugu aldaketak egiten", adierazi du Mikel Azkunek, Touring klubeko komunikazio saileko kideak.

Touringeko jokalari bakoitzari pertsonalizatutako -bere argazkia portadan duela-, albuma banatu zaio eta herrian generikoak diren beste batzuk salgai jarri dira. Kromoak zorrotan saltzen dira. Gaur egun sei salmenta puntu daude: Fanderia futbol zelaiko kantina, Librería Maryan (Fanderia etorbidea, 17), Kiosko Luismi (Biteri kalea, 21), Kiosko Alameda (Gamon Zumardia), Mira qué txutxes (Magdalena kalea, 16) eta Amatxi okindegia (Santa Clara kalea, 16). Beste aukera da 20 euro ordainduta, albumaren errepikatu gabeko kromoen erdia jasotzea.

Album hau osatzeko proposamena Touring klubari Galiziako inprimategi batek egin zion. "Pentsatzen dugu beste talde batzuekin ere harremanetan jarriko zirela, baina ez dugu beste kluben berririk izan. Guk dakigun kasu bakarra Goierri Gorriko emakumeen albuma da. Honek oihartzun handia izan zuen medioetan, agian emakume talde bat zelako", gogorazi du Azkunek.

"Ekimen hau egiteko proposamena jaso zenean, kluba, taldeak eta Fanderia futbol zelaian egiten dena herriratzeko aukera polita zela iritsi zitzaigun. Eta ilusio betez ekin zi-tzaion lanari. Emaitza benetan ederra izan da", esan du.

Bizpahiru hilabetetan astero-astero Kantabriatik argazkilari bat etortzen zen argazkiak ateratzera. "Uste baino lan gehiago eman digu, bainapena merezi izan duela uste dugu", gaineratu du Azkunek.

Bestalde, bildumako testua euskara hutsez argitaratu da agurra ezik, hau bi hizkuntzetan dago-eta. Eta hor ere balio erantsi bat eman nahi izan zaio produktuari.

Izan ere, zuzendaritza berria lanean hasi zenean bi oinarri jarri zituen: kluba herriari zabaltzea (urteko bazkaria kalean egitea, adibidez) eta euskara sustatzea.