Oiartzun - Kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko helburuarekin, Udaleko Kirol sailaren eta Kirolaisiaren ekimenez eta herriko eragile ugariren laguntzari esker, Kirol Astea hasiko da gaur Oiartzunen.

Adin guztiak kontuan hartzen dituen egitaraua prestatu dute eta kirol aniztasuna erakusteko ahalegina ere egingo da. Aurtengoan 20 ekintza antolatu dira. Antolatutako ekitaldi guztiak dohainik izango dira.

Gauzak horrela, gaur 16.00etan bi ekintza egongo dira: Palako Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa, Haurtzaro ikastolan; eta eskalada, zirko tailerra eta saskibaloiko 3x3 txapelketa, Elorsoro kiroldegian.

Igandean, berriz, 12.30ean futbol egokitua egongo da, Karla Lekuona futbol zelaian.

Martxoaren 2an 16.30ean an-tzinako jolasetan ibiliko dira Abaraxka ludotekan. 19.15ean, udaletxeko areto nagusian, Abentura bertikalak Artikoan, Pou anaiak lana proiektatuko da.

Hurrengo egunean 10.00etan eta 16.00etan Tipi-tapa ibilaldiak burutuko dira Alkartetxetik. 18.00etan borroka erakustaldia izango da Madalensoron eta azkenik, 18.30ean Cholitas dokumentala eta, Nebula eta Harria Herria film laburren emanaldia izango da udaletxean.

Hilaren 4ean, 16.45ean gimnasia erritmiko erakustaldia egongo da Haurtzaro ikastolan eta 18.00etan mendi lasterketa haurrentzat antolatu da Haurtzaro ikastolatik.

Martxoaren 5ean, 11.00etan erorketa tailerra burutuko da Alkartetxean eta 16.45ean hip-hop emanaldia egongo da Elizalde eskolan. Eguna amaitzeko, 18.00etan, Kirol elikadura sukaldaritza tailerra izango da Zigor Iturrieta eta Ander Iñarrarekin Labore Oarsoaldean.

Martxoaren 6an Kirol Saria banatuko zaio Alain Isasari, kenpo kaiko kenshiari. Ekitaldia 19.00etan hasiko da udaletxeko areto nagusian eta irekia da. Ondoren, Isasak mahai-inguru batean parte hartuko du, Udane Arbelaitz eta Udane Loidi sokatiralariekin.

Amaitzeko, hilaren 7an, mendi lasterketako kedada, BTT, Eskola Pilota eta xistera topaketa izango dira.