Azkoitia - Emakumeak ahalduntzeko ikastaro sorta berri bat antolatu du datozen hilabeteetarako Azkoitiako Udaleko Berdintasun sailak. Azkoitiko emakumeek lau ikastaro edo tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute ekainera arte luzatuko den eskaintzan.

Mertxe Zubillaga, Udaleko Berdintasun zinegotziak, joan den ostegunean egindako aurkezpenean aurreratu zuenez, "edizio honetan etxeko konponketen inguruko ikastaroa, zoru pelbikoa indartzeko tailerra, menopausiari lotutako bizipen tailerra eta batukada" eskainiko dira.

Zinegotziarekin batera, aurkezpen ekitaldian etxeko konponketen inguruko saioak emango dituen Aratz Trecet, zoru pelbikoaren gaineko ikastaroa eskainiko duen Liroa zentroko Josune Milan fisioterapeuta eta Udaleko Berdintasun teknikaria den Begoña Gorostiaga izan ziren. Aurkezpenean egoteko aukerarik izan ez bazuten ere, menopausiaren inguruko bizipen tailerra Virginia Belategik zuzenduko du eta batukadaz Ainara Sarasketa eta Arantxa Albizu arduratuko dira.

Edonola ere, emakumeak ahalduntzeko antolatutako ikastaro berrietan parte hartu nahi dutenek hilaren 31ra arte eman dezakete izena Udaleko Harrera Bulegoan, 943 080 080 telefono zenbakira deituz edo berdintasuna@azkoitia.eus helbidera mezua bidaliz.

Udaleko ordezkariek eta ikastaroak emateaz arduratuko diren lagunek Azkoitiko emakumeak animatu nahi dituzte antolatutako saioetan parte hartzera. - J.L.