Martutenen parke txiki bat eta harmailak sortuko dituzte, Urumearen ertzean
Urumearen zabalera bikoizteko lanak egiten ari da Ura agentzia auzoko zubi berritik 27. Poligonora arteko tartean
donostia - Zubi berritik 27. Poligonora arteko eremuan ari da Ura agentzia lanean, ibaiaren zabalera bikoizteko (25 metrotik 50 metrora), uholdeen aurkako planaren baitan. Lanak profitatuz, parke txiki bat eta harmailak sortuko dituzte Urumearen ertzean, Martutenen.
Martuteneko obren bigarren fasea, hamahiru milioiko aurrekontua duena, irailan abiatu zuten eta bertan izan ziren atzo bisitan Eneko Goia alkatea eta Ingurumen sailburu Iñaki Arriola. Ura agentziako zuzendari nagusi Ernesto Martínez de Cabredok azaldu zizkien lanen nondik norakoak. Guztira 120.000 metro kubiko lur eta harri mugituko dituztela zehaztu zuen (12.000 kamioi).
Aipatutako parkea eta harmailak Urumearen eskuinaldean eraikiko dituzte. Sarruetako bidearen ondoan lurrak atera bertan zeuden baserri eta tailerrak eraitsi dituzte eta, hala, poligonoaren eta Martutene auzoaren arteko errepidea berregokituko dute ibaia zabaldu ondoren. Gainera, oinezkoentzat pasealekua sortuko dute eta, horren ondoan, aipatutako parke lineal txiki bat eta ur-mailaraino iristeko bi harmailak egokituko dituzte.
Eskuinaldean, gainera, Lazuneneko karobia zaharra zegoen, XIX. mendekoa. Sarruetako bide berrirako espazioa sortzeko eraitsi behar izan zuten eta harriz harri desmuntatu eta metro batzuk beherago berreraiki dute.
Urumearen ezkerraldean, berriz, horma bertikal bat eraikiko dute hasierako 200 metroetan zehar (ibaian behera) Villa Caney delakoaren pareraino. Puntu horretatik aurrera, landareekin estalitako harri-lubeta sortuko dute. Oinezkoentzat eta txirrindularientzat ibilbide berria egokituko dute ibai ertzean Apostoladora arte eta Martuteneko bidegorriarekin lotuko dute.
ekaitz-tanga Bigarren fase honetako lanen baitan, Urumea zabaltzeaz gain, bestelako hobekuntzak ere egingo dituzte. Adibidez, ekaitz-tanga sortuko dute, euri-urak jasotzeko eta biltzeko. Gainera, saneamendu sarea ere hobetuko dute.
"Obra hauek hobekuntza bikoitza dakarte: batetik, Martutene eta Loiola arteko hiri ingurunea hobetzen dute eta, bestetik, urak har ditzakeen guneen segurtasuna hobetzen dute", adierazi zuen Goiak atzoko bisitan. Uholdeen aurkako Urumeako lanak "erregulazio hidraulikoaren arloan martxan dugun proiektu garrantzi-tsuenetako bat" direla azpimarratu zuen Arriolak: "Kostuagatik -32 milioi euro baino gehiago, guztira- eta, batez ere, Donostiako auzo honetan izango duten eraginagatik".
Martinez de Cabredok nabarmendu zuenez, "ibaiertzeko auzoek, azkenean, bizi-baldintzak hobetu ahal izango dituzte eta ibaia ez da arazo bat gehiago izango, gozatzeko kalitatezko hiri-espazio bat baizik".