lazkao - Lazkaon abian jarritako Gabonetako erakusleiho lehiaketak baditu dagoeneko irabazleak: Amets bat, Koboloi eta Garaiz dendetako erakusleihoek jaso dituzte herritarren boto gehien, eta beraz, horiek izan dira lazkaotarren ustetan herriko erakusleiho hoberenak jarri dituzten dendak.

Boto gehien lortu dituzten dendetako ordezkariek diploma bat eta produktu ezberdinez osatutako saski bana jaso dute. Bide batez, erakusleihoak dotore jartzeak saria izaten badu ere, botoa emateak ere badu ordainsaria. Hain zuzen, bost erosketa bono zozkatu dituzte Lazkaon erakusleiho onenak aukeratzeko haien iritzia helarazi dutenek. Hala, 300 euroko erosketa bonoa Leire Auzmendi Arruabarrenarentzat izan da eta Beni Goñi Padurak, Mari Carmen Zunzundegi Begiristain, Egoitz Bergara Azpirotz eta Mari Jose Madariaga Irastortzak, berriz, 150 euroko erosketa bono bana jaso dituzten.

Lehiaketan parte hartu duten 21 dendetan erabili ahal izango dituzte erosketa bonoak herritar sarituek, eta gaur izango dute azken eguna horretarako. Lazkaon merkataritza aldetik dagoen aukera handiaren artean aukeratu beharko dute haien saria non gastatu, erakusleihoak aukeratzeko ekimenari erantzuna emanez.

hirugarrenez Lazkaoko Udalak jakinarazi duenez, merkatariek "irudimen handia" erakutsi dute eta "erakusleiho originalak eta asko landutakoak egin dituzte". Hain zuzen, lehiaketa hau lazkaotarrak herrian erostera animatzeko beste pauso bat izan da eta aurtengoa hirugarren edizioa izan da.

Eguberritako kanpaina hau, baina, ez da sariak ematen dituen bakarra. Izan ere, merkatariek eta ostalariek gehiagotan ere saritu dituzte herritarrak 2019an zehar. Hainbat egitasmo jarri dituzte martxan, eta beste hainbatetan ere parte hartu dute, hala nola, Singular Dendak proiektuan, erosketa bonoen kanpainarekin, denboraldi ezberdinetan egin dituzten azokekin eta Udazkenean gozatu aisiaz Lazkaon kanpainarekin.

Lazkaoko Udalak, herriko merkatariekin eta ostalariekin batera, Lazkao herri bizi bat izatea dute helburu eta helburu hori lortzeko egiten dituzte urtean zehar ekimen ugari. Ekintza guzti hauekin herrian erostearen garrantzia nabarmendu nahi da errotik, merkataritzak eta ostalaritzak, herriko ekonomiari eta lanpostuei egiten dien ekarpena aintzakotzat hartuz.

Lazkaoko Udalaren helburu nagusietako bat herriko ekonomia sustatzea da, beti ere dendek eta zerbi-tzuek udalerriaren garapenean duten garrantzia kontuan hartuta. Horregatik, merkataritza eta zerbi-tzuen alorrean elkarlanaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi duela jakinarazi du Lazkaoko Udalak, ekonomia jarduera sustatzeaz gain, merkataritza eta ostalaritza zerbi-tzu on bat dagoen tokian bizia dagoela sinesten baitu. Herria kon-tsumitzearen hautua egindakoan bertako merkatariei ogibidea errazteaz gain, herriari berari ere egiten diolako onura; dudarik gabe, guztiek nahi ditugulako herri biziak, non edozein gauza erosi edo garatu ahal izateko euskarriak egongo diren eta azpiegiturak ere bai.

"Ezin da ahaztu elkarlan honen beste ardatz nagusi bat herritarrak direla", agertu dute Udaletik. Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkie herriko merkataritzaren eta ostalaritzaren alde egiten duten herritar guztiei, eta bide batez, hasi berri den urte honetan ere herria bizi mantentzen laguntzen jarrai dezaten eskatu diete lazkaotarrei, haien kontsumo hautuetan konziente izanik.