donostia - Kontxako pasealekuko horma eta baranda berritzeko lanak (Antiguako tunelaren eta Errege Etxearen artean) aldatu egin dira eta, ondorioz, denboran ere uste baino luzeago joko dute. Udal Gobernuak hasieran aurreikusitako epea hiru hilabetez handitzea onartu du aste honetan, 2020ko ekainaren 2ra arte, hain zuzen ere. Gainera, aldaketak direla eta, hasieran onartutako aurrekontua ere %12 handituko da, 1,66 milioi eurora arte.

Hasierako proiektuaren arabera, horma egonkortu eta indartu behar zuten eta hondartzaren gaineko hegala luzatu behar zuten, horri esker espaloia zabalduz. Azkenean, ordea, udal Gobernuak erabaki du egokiagoa dela espaloia errepiderantz zabaltzea (errei bat kenduta), eta hondartzaren gainetik luzatu behar zen hegal antzeko hori ez egitea. Lanean ari diren bitartean jada errei bat itxita dago eta aukera baliatu nahi izan du Donostiako Udalak errei hori behin betiko kentzeko.

Bestalde, Obegisak bere gain hartu dituen lanen baitan, tuneletik Errege Etxerainoko baranda berritzea ere aurreikusten zen. Baranda sortzeko galdategi egokia bilatzea ez zen erraza izan eta lanen hasiera atzeratu zuen horrek. Hala, zortzi hilabeteko iraupena izan behar zuten obrak etenda egon ziren uztaila eta abuztuan, hasi eta berehala.