Tolosa - Eguberri giroko kontzertu berezia izango da gaur Leidor antzokian. Hodeiertz Abesbatzak Eguberri Umama emanaldia eskainiko du Juantxo Zeberio Etxetxipia, Mikel Andueza, David Gorospe eta Amaiur Cajaravillek osatzen duten jazz laukotearekin batera. Kontzertua 20.15ean hasiko da eta sarrerak salgai daude leihatilan eta aurrez Kutxabankeko ohiko bideetan.

2002 urtean abiatu zuten Tolosan bertan Hodeiertz abesbatzak eta Juantxo Zeberio Etxetxipiak gerora fruitu oparoak eman dituen Umama proiektua, jazza eta musika korala uztartuz.

Urteak pasa dira lehen kontzertu haietatik eta baita azkenekoz Hodeiertz abesbatza eta Juantxo Zeberio musikaria eszenatoki gainean elkarrekin egon zirenetik ere. Orain, aldiz, ilusi berrituarekin aurkeztuko dute berriz ere Tolosan Eguberri Umama proiektua, "lagun zaharren arteko topaketa musikala", izango dena.

Eguberri Umama-Basque Christmas Songs izeneko lan honetarako, txiki-txikitatik etxean eta kalean entzun eta abestu dituzten Gabon kanta kuttunen aukeraketa egin dute musikariek, jakinik beste hamaika kantu kanpoan geratu direla. Gaur Leidor antzokian eskainiko duten kontzertuko errepertorioa honako abestiek osatzen dute: Izar baten gainean, Mesias Sarritan, Noel-Noel, Oi Betleem, Santus, Elurra mara-mara, Aleluya, Errege jaya, Beti da orain, A Capelako kantua eta Kantu bat instrumentala.

Enrique Azurzak gidatuko duen Hodeiertz Abesbatzarekin batera izango da eszenatoki gaineran Juantxo Zeberio Etxetxipiak zuzenduko duen jazz laukotea, Mikel Andueza (saxoa), David Gorospe (bateria) eta Amaiur Cajaravillerekin (kontrabaxua). - M.S.S.