Haizetsu esnatu zen atzo Donostia eta haizeteak jendetza ere ekarri zuen berarekin. Larunbatarekin, erakar-tze indarra biderkatu egin zen eta bazter guztietara heldu zen. Kaleak bete zituzten donostiar eta gipuzkoarrek (bisitariak ere bazeuden, bertakoari begira) eta hiriburuaren eta Euskal Herriaren garai bateko kultura tradizionala eta landa arima omendu nahi izan zituzten. XXI. mendeko ukituarekin, hori bai.

Txerria, ardiak, behiak, oiloak, ahuntzak... Jai egun handia bihurtu da orain baina azoka eguna zen, tradizioz, San Tomas eguna, hiriburura errentak ordaintzera etortzeko eguna. Sustraiei heldu nahian animaliek haien lekua izaten jarraitzen dute, atzo berriz ere txiki geratu zen Okendo plazan, salerosketarik ez badago ere. Orain gaztetxoen begiradak erakartzen dituzte. Eta haiekin batera koloretako unikornioak nahastu ziren, Peppa izeneko txerritxoak, katu kosmiko urdinak eta egunez egun lagunak salbatzen aritzen diren txakurkumeak: gaztetxo horien berain eskuek eusten zituzten pertsonaia ezagunen itxura zuten globoak.

Guztien gainetik, beste behin ere, Ximona nagusitu zen. Konstituzio plazan jarritako erakustokian lasai, milaka haur eta teknologia berriek sortutako telefonoen flashak izan zituen inguruan goizetik arratsaldera arte 350 kilo inguruko urdeak. Ez zuten aztoratu, hala ere, eta lasai ekin zion San Tomas eguneko lanari, tarteka lokartzeko inongo arazorik gabe. Lei-tzatik iritsita, arazorik gabe eta protestarik gabe sartu zuten Konstituzio plazan eta, lanak bukatuta, lasai eraman zuten, berriro ere, etxera.

Bidean Kristina Saralegi izan zuen lagun Ximonak, Leitzako Arro baserriko arduraduna eta Donostiako Gabonetako azokako ohiko bisitaria. Beste hamaika lagun bezala, lanera etorri zen atzo leitzarra eta talo postua ere jarri zuen Bretxa inguruan. Tradizioak arto opilen zaporea duela eta garai batean baserrietan gosea asetzeko ezinbestekoa izan zen jakiarengatik lau eta sei euro bitartean ordaintzeko zain ilara amaigabeak sortu ziren Parte Zaharrean eta Erdialdean jarritako hamalau talo postuetan. Izan ere, Konstituzio plaza ardatz zuen jaigunea zabaldu eta urteak dira azokak Gipuzkoa plaza inguru osoa ere hartu duela.

Gazta eta txokolatea sartu zioten batzuk taloari, baina San Tomas eguneari kolore gorria eta usain indar-tsua ematen dion txistorra gailendu zen nabarmen, baita ogitarteko edo pintxo moduan ere. 49 postu jarri zituzten elkarte, talde eta ikasleek. Jasangarritasunaren bidean, zaborrak hobeto kudeatu nahian olioa jaso-tzeko bidoiak ere jarri zituen Donostiako Udalak, baita edalontzi berrerabilgarriak eta edukiontzi bereziak ere.

Zartagiak zaintzen eta bokatak erosten ari zirenek, barraren alde batean zein bestean, jantzi tradizionalak zituzten soinean. Kultura tradizionalaren espresiobide, azken 25 urteotako iraultza txikiaren ondorioz zapi eta gona koloretsuek jantzi zuten hiria, txapelak buruan eta abarkak oinetan. Garai bateko argazki zuri-beltzak koloredun dira orain. Eta jantzi horiek aldarrikatuz, lehiaketa ere egin zuten atzo, Gero Axular taldearen eskutik.

Festa ezin da festa izan musikarik gabe eta kalejirak, trikitixak eta erromeriak girotu zuten eguna goizez eta arratsaldez. Bulebarrean, berriz, txalaparta doinuek egin zieten ongietorria Parte Zaharrera sartzen zirenei. Eta tradizioari begira ospatzen den festak kirola ere baduenez, Trinitate plazak hartu zituen herri kiroletako hiru txapelketa, hirurak ere emakumezkoenak: aizkolarien urrezko kopa, esku pilota sariketa eta pala txapelketa. Tartean bertso emanaldiarekin ere gozatu zuten ikusleek.

Zaparradak

Zerua urdin eta tenperatura epel, haizeak hodeiak uxatu zituen goizean, baina haize horrek hodei ilunagoak ere ekarri zituen eta bazkalosteko zaparradak azoka eguna zapuztu nahian aritu ziren. Haur, familia eta heldu askok etxerako bidea hartu zuten eta autobusak beteta zihoazen, baina festarekin jarraitu zuten milaka herritarren-tzat arazorik ez zuen ekarri horrek, batez ere tabernetan aterpea hartu baitzuten. Izan ere, Euskal Herriaren izaeraren eta kultura tradizional horren parte ere bada euria.