Síguenos en redes sociales:

Gurasoei 300 gutun, barnekoak askatzeko bidelagun

Itxaro Mendizabal beasaindarrak abian jarri du zazpigarren aldiz Gurasoei Gutuna lehiaketa, eta irabazleek saria jaso dute

Gurasoei 300 gutun, barnekoak askatzeko bidelagun

beasain - Esan gabeko eta barnean gordetako hitz asko ateratzea lortu du, beste behin ere, Itxaro Mendizabal beasaindarrak abian jarritako Gurasoei Gutuna lehiaketaren zazpigarren edizioak.

Hain zuzen ere, 300 eskutitz inguru aurkeztu dira aurtengoan, eta Ekaitz eta Irati Goikoetxeak banan-banan irakurri eta aukeraketa lanak egin dituzte. Sari emate ekitaldian nabarmendu zuten lan “handia” izan zela, eta “orotariko” eskutitzak irakurtzeko aukera izan dutela, paperean jarritako emozio desberdinak.

Aurtengo sarituei dagokienez, haurrei zuzendutako marrazki lehiaketari helduz, Izar Zubiaurre, Nora Aiastui, Laia Azurmendi eta Lide Lorenzo Da Silvaren lanak izan dira gustukoenak, eta sari nagusia, berriz, Eleder Lavillarentzako izan da.

Idazlan laburretan, Marian Toledok eta haren alaba Uxue Llorentek aipamen berezia jaso dute. Bestalde, haurren kategoriarekin jarraituz, Malen Arabek eskuratu du saria. Kategoria horretan ere egon da aipamen berezirik, eta Maddi Azurmendirentzako izan da. Gazteen kategorian, aldiz, Noa Barandiaran izan da irabazlea eta helduen kategorian, berriz, Leire Mendizabalen eskutitza izan da epaileen onespena jaso duena lehen postuan egoteko.

Orain zazpi urte abiatutako egitasmoa erabat errotuta dago herrian, eta aurten ere izan duen parte-hartze zabala da horren erakusle. Mendizabalek, bere aldetik, beste behin ere eskerrak eman nahi izan zizkien lehiaketan parte hartu zuten guztiei, haien sentimenduei bide eman, paperean jarri, eta gurasoei gutun bat idazteagatik. - M.A.