Errenteria - Nere Mujikak, berak esaten duenez, ez daki zer den pereza hitza. Irakasle, dantza talde baten sortzaile, bertsozale eta koplari, kantujiran eta muxikoetan ibiltzen da... 86 urterekin oso gaztea da. Asko eman du bere bizitzan eta orain merezi duenaren apur bat jaso du.
Zer suposatu du zuretzat Oarsoarrak Saria jasotzeak?
-Poz handia euskararen saria delako eta niretzako sari preziatuena euskaren inguruan dagoena da. Bestalde, ez dakit hainbeste lana egin dudan sari hau merezitzeko. Eman didate eta jaso beharko dut, gustura noski.
Nola jakin zenuen zu zinela irabazlea?
-Oso modu xelebrean. Kantujira genuen, gainera ni Errenteriako kantujiraren sortzaileetako bat naiz, baina justu egun horretan bilobarekin nintzen eta ezin izan nuen jaitsi. 12.00etan deitu zidaten jaisteko grabaketa bat egin behar zutela esanez. Esan nien 13.00etan jaitsiko nintzela. Alabari deitu nion eta esan zidan ordu horretako etorriko zela, baina 12.45ean berriz deitu zidaten Xabier Olaskoaga plazan zeudela esanez, eta ni ondoan bizi naiz. Bilobarekin jaitsi nintzen. Kanta amaitu zenean zuzendariak esan zuen: “Berri on bat eman behar dizuet. Aurtengo euskararen taldeko saria kantujirek irabazi dute -eta denak txaloka hasi ginen-, baina ez da hori bakarrik, norbanakoa Nere Mujikak irabazi du”. Nik harrituta mikrofonoa hartu nuen eta esan nuen saria eman didatela urte asko ditudalako. Denak barrez hasi ziren orduan.
Zuk aurten sari bikoitza jaso duzu.
-Bai, halaxe da. Poztasun handia eman dit kantujirek jasotzea lan dexente egiten dutelako. Hau hamahirugarren urtea du eta badago jende finkoa, larunbatero etortzen dena eta planak horren inguruan egiten dituena. Hori pozgarria da.
Euskaltzalea izanik, frankismo garaiak ez ziren izango samurrak.
-Nik euskara etxean ikasi nuen, baina kalean ezin zen egin, debekatua zegoelako. Magisteritza ikasketa guztiak erderaz egin nituen eta bukatu ondoren lanean hasi nin-tzen. Erabat kontrako egoerak pairatu ditut. Nik eskolaratu ditut euskara ama hizkuntza zuten haurrak erdaraz, derrigortzen zigutelako. Urteak pasa ziren eta nire laneko ibilbidea bukatu zen erdaraz hitz egiten zuten haurrak euskaraz eskolatuz, D eredua zegoelako. Zorionez, euskaraz hitz egiterik izan dugu. 21 urte pasa dira jubilatu nintzela, baina nik euskara erakutsi nien haur horiek, kalean ikusten garenean -asko Errenteriakoak direlako-, niri euskaraz hitz egiten didate eta hori zoragarria da.
Orain, esan duzunez, kontrako egoera bat bizitzen da; etxean gazteleraz egiten da eta ikastolan euskaraz.
-Bai, guk D eredua sortu zenean eskolaz kanpoko ekintzak ere euskaraz egin izan ditugu. Bertsolaritza ikastaro bat ere eman nuen eta beti euskararen alde ahal zena egiten nuen. Nire bizitza guztia izan da ahal nuen guztietan euskararen alde egitea.
Errenteria herri euskalduna dela esango zenuke?
-Duda asko dauzkat. Ahalegin asko egiten dira euskararen alde, baina ez dakit noraino iristen diren. Hala ere, baikor izan beharko gara, ezagutza geroz eta altuagoa delako.
Ezagutzen zaituztenak oso pertsona parte-hartzailea eta solidarioa zarela azpimarratzen dute.
-Bai, gustatzen zait. Pentsatzen dut bizitza ez dela lana bakarrik, familia handia ere badut, baina hortik aparte beste bizitza bat ere badago, ni kalean egotekoa naiz, gauzak egitekoa, 20.000 gauzetan sartuta nago, baina gustura. Zaporeak ekimenean parte hartzen dut eta Chiosera (Greziako irla bat) joan nintzen. Oso esperien-tzia ona izan zen, jende guztiak joan beharko luke ikusteko zenbat eratan bizi den jendea munduan. Hemen ez zara jabetzen. Zaporeak ekintza asko egiten ditu: San Tomasetan jartzen dute postua Donostian eta joaten naiz laguntzera, Errenterian ere egin dituzte bizpahiru ekintza eta horietan ere ibili naiz, janari bilketan ere parte har-tzen dut... Gauza xumeak dira.
Herriko taldeetan ere aktiboki parte hartzen duzu.
-Bai, Emakumearen Etxeko juntakoa naiz, euskal dantzaren arduraduna naiz, muxikoen antolaketan Beti Presten ibiltzen naiz... Pereza hitza nik uste dut ez dudala ezagutzen.