Eibar - Eibarko EH Bilduk Bittor Sarasketa kalean kokatuta dagoen epaitegi zaharraren egoera “tamalgarriaz” ohartarazi du.
Koalizioak azaldu duenez “12 urte funtzionamenduan egon ondoren, epaitegi zaharra 17 urte daramatza itxita, usteltzen” eta “eraikina publikoa izanda, egoera horren erantzule nagusiak Eibarko Udala eta Eusko Jaurlaritza dira”.
EH Bilduren esanetan, eraikinaren teilatua “zuloz beteta dago” eta urteak pasa ahala eta euria egin ahala, “urez betetzen joan da eraikina, barruko materialak ere hondatuz”.
Egoera horren aurrean koalizioak gogorarazten du 2016an emendakin bat adostu zuela PSOErekin, “Bittor Sarasketako epaitegi zaharrean erabilera berriak zehazteko”.
Koalizioaren apustua, “bertan auzo etxe bat kokatzea” da eta ildo horretan GAC Arkitektura bulegoak “lan ederra” aurkeztu zien 2018ko urrian aipatutako bi taldeei.
Era berean, aurkeztutako txosten horretan eraikin barrura euri ur gehiago ez sartzeko beharrezkoak diren premiazko ekintzak burutzea gomendatzen da “baina PSOEk beste albo batera begiratzen jarraitzen duenez, Bilduk beharrezkoak diren premiazko neurriak har ditzan exijitzen dio Udal Gobernuari”. - J.L.