DONOSTIA. Atzo, Aste Nagusiaren jaiak ospatuz, Donostiako erraldoiek anfitrioi lanak egin zituzten. Izan ere, hainbat gonbidatu ekarri dituzte aurtengoan hirira. Donostiako Aste Nagusian ohiko irudia izaten da, arratsaldero-arratsaldero Itzurun konpartsako erraldoi eta buruhandiak auzoz auzo ehunka haur izaten baitituzte atzetik. Atzo goizeko hitzordua, baina, berezia izan zen, Donostiako erraldoiek gonbidatu bereziak ekarri baitzituzten hirira, Irungo zortzi erraldoiak, alegia.

Ehun urtetik gora dituzte (Euskal Herriko zaharrenetakoak dira), baina berriki berritu dituzte eta jantzi berriak estreinatu zituzten atzo Donostian. Berez, donostiarrak ere izan daitezke lau bikoteak ikerlarien arabera, XX. mendearen erdian Gal familiak erosi eta Irunera eraman bazituen ere. Bikote baserritarrarekin batera, alkatea eta emaztea, bikote beltza eta turkiarrek osatzen dute konpartsa.

Anfitrioien moduan, bidea zabaldu zieten donostiarrek (beste lau bikote: gipuzkoarra, bizkaitarra, arabarra eta nafarra) Abuztuaren 31ko kaletik Zuloaga plazara sartzean, kalejiran eta musikariak lagun. Plazan bertan bildutako gaztetxoak nora begiratu ez zekitela zeuden, erraldoiak nonahi. Gurasoak, berriz, telefono mugikorrak eskuetan argazkiak atera eta atera ari ziren.

Posatzera bakarrik ez, ordea, dan-tzara ere etorri ziren zortzi handikote irundarrak. Ilaran jarri eta biraka hasi ziren, alde batera eta bestera balantzaka erabat koordinatuta, eta txalo zaparradarekin erantzun zieten Zuloagan bildutakoek.

Erraldoien artean gehienek ez zituzten ikusi ordura arte, baina atzoko egun berezira beste gonbidatu batzuk ere etorri ziren, Falcons de Vilafranca casteller taldekoak, alegia. Ez ziren bereziki altuak, eta ume asko zeuden haien artean, baina bata bestearen gainean igotzen hasi zirenean, poliki-poliki, gazteluaren tontorrean besoak luzatu zituen neska gazteak erraldoien gainetik begiratu zion plazari.

Gonbidatuen ondoren, Itzurun konpartsakoen txanda heldu zen eta bikoteka dantzatu zuten Zuloagan bertan, ondoren guztiak kalejiran Parte Zaharreko kaleetatik barrena abiatu baino lehen. Kataluniarrek ez zuten atzean geratu nahi izan: hiru pertsona bata bestearen gainean jarrita erraldoien altueran jarri eta haiekin dantzatu ere egin zuten.

Zuloagan bildutako asko atzetik izan zituzten konpartsek haien bidean. Bazkaltzeko tartea hartu zutenean ere erraldoiak Gipuzkoako plazan utzi zituzten, gaztetxoek gertuagotik ikusteko eta, nahi izanez gero, haiekin argazkiak atera ahal izateko. Indarrak hartuta, arratsaldean berriro ere ekin zioten dantzari Erdialdeko kaleetan zehar.