DONOSTIA. Batzuk beteranoak eta besteak hasi berriak. Denetarik elkartu zen atzo Donostiako portuan Piraten abordaia dela eta. Eguraldi nahasia bazegoen ere, atzo goizean Piraten abordaiarako ez zen gogorik falta gazteen artean. Donostiako portua lagun taldeez beterik zegoen atzo goizean eta arratsaldeko 17.00etan Donostiako Piraten txupinazoarekin hasiko zen abordaiarako baltsak prestatzen aritu ziren.

Talde batzuk urte asko zeramatzaten abordaian parte hartzen eta segurtasunez aritu ziren prestaketetan. “Badira zortzi urte edo hemen parte hartzen dugula. Nik uste dut olatu hauekin erraz iritsiko garela hondartzara”, esan zuen gogotsu Jon Zapiainek. Zapiain eta bere lagun donostiarrak garagardoa gordetzeko erabiltzen diren plastikozko upel batzuekin aritu ziren ontzia presta-tzen. Beste batzuk ordea, lehenengo aldia zuten esperientzia honetan eta ez zekiten Kontxako hondartzara iritsiko ziren ala ez. Hala ere, material desberdin ugari erabili zuten baltsa “sendo” bat prestatzeko. “Ez dakigu nola aterako den, baina pozik gaude. Bi pale, zortzi bidoi eta soka bat erabili ditugu”, azaldu zuten Lasarte-Oriako Julen Espinosa eta bere lagunek. “Ez dut uste hondartzara iritsiko garenik, baina gustatuko li-tzaiguke”, zion Nerea Garmendia donostiarrak bere lagunekin abordaia lehenengo aldiz egiteko gogoarekin.

Denetariko lagun taldeak zeuden, neskenak, mutilenak eta baita mistoak ere. “Ni Alejandrarekin ikasten nabil unibertsitatean eta esperien-tzia hau bizitzeko gonbidatu dut hona”, adierazi zuen Igor Martosita donostiarrak. Alejandra Almuniakoa da eta gogotsu ari zen abordaiarako prestaketak egiten. “Esperientzia hau bizi beharra dago eta haizea lagun izango dugu”, azaldu zuen. “Portuan geratuko garela uste dut”, esan zuen barre artean beste lagun batek. Segurtasun faltaren aurrean hala ere, uretara erori aurretik “mangitoak jarriko ditugu eta kito”, azaldu zuten.

Oiartzungo Naroa Etxebeste eta bere lagunek ere 17 urterekin aurten lehenengo aldiz parte hartu zuten abordaian. “Banbu kanaberak eta horiek lotzeko bridak, sokak eta zinta ari gara erabiltzen. Gero koltxonetak jarriko ditugu lotuta”, aipatu zuen Etxebestek eta eguraldiak okerrera egin ez zezan eskatu zuen, hondartzara “behar bezala” iristeko. Paula Sáez eta bere lagun donostiarren lehen aldia zen baita ere eta oso pozik zeuden bertako giroarekin. “Nahiko motibatuta gaude”, azaldu zuten taldeko kideek. “Gure baltsarekin Kontxaraino iritsiko gara”, gaineratu zuten segurtasunez. Sáez eta bere lagunak piraten orbaina zuten marraztuta aurpegian. “Mangitoak eta uretako betaurrekoak erosiko ditugu arratsaldean”, gaineratu zuten. Giro koloretsua eta alaia izan zen baltsen prestaketakoa.