Errenteria - Aurtengo Madalenak oso bereziak izango dira Errenteriako Xanti eta Maialen erraldoientzat. Izan ere, aurten ehun urte betetzen dituzte. Dena dela, mendeurrena joan den asteburuan ospatu zuten ekitaldi bereziekin. Imanol Etxeberriak eta Iñaki Gonzálezek, Errenteriako Buruhandi eta Erraldoien Konpartsako kideak, Xanti eta Maialen zer suposatzen duten beraientzat azaldu dute.
Joan den asteburuan mendeurrena ospatu zenuten. Nolako harrera izan zuten zuek prestatutako ekintzek?
-I.E.: Ostiraleko muntaketa ikusgarria izan zen. Jende asko etorri zen eta oso gustura egon ziren. Larunbat goizean ere jende asko egon zen kalejiran, eguraldiak lagundu zuen, eta nobedadea herriko lau danborradak elkartu zirela izan zen. Koordinazioa egon zen beraien artean eta oso ondo atera zen. Arratsaldean tailerrak egon ziren eta gaueko kontzertuan jendea hunkitu egin zen. Eliz barrutik atera genituen Xanti eta Maialen eta jendea harrituta gelditu zen. Guk nahi genuen bezala ospatu dugu mendeurrena, herriko jendearekin.
Madalenetarako zerbait berezia prestatu duzue?
-I.G.: Ez, gu madalenetan oso lanpetuta gabiltza beti eta horregatik aukeratu genuen mendeurrena aurreko asteburuan ospatzea madalenetan ez daukagulako denborarik. Xanti eta Maialen dantzan aterako ditugu, zezen-suzkoan ere bai, baita urezko-zezenan eta entzierriloan ere.
I.E.: Zerbait entzun dugu. Sorpresa guri nahi digutela eman.
Xanti eta Maialen herrian oso errotuta daude, ezta?
-I.G.: Bai, geroz eta gehiago gainera. Edozein bisita herrira etortzen denean, oroigarri gisa Xanti eta Maialenen eskultura ematen diote. Xanti eta Maialen bihurtu dira herriko ikono.
Zein berezitasun dute Errenteriako erraldoiek?
-I.G.: Besoak mugitzen dituztela. Artikulazio bat dute eta dantzak dotoreagoak dira. Bueltak ez ditugu beste erraldoiak bezain azkar ematen, baina dotoreagoa gelditzen da. Dantza mota desberdinak egin behar ditugu, mugikortasun horrek mugatzen gaituelako.
Haurrak handitzen direnean, Xanti eta Maialeni beren txupeteak oparitzen dizkiete.
-I.E.: Ohitura hori oso polita da eta Iruñeatik dator. Hemen hasi ziren ba-tzuk haurrak txupetea utzi nahi ez zuenean erraldoiei jartzen eta ohitura handitzen joan da. Haurrak sinisten du bere txupea Xanti edo Maialenek dutela, eramaten ikusten dutelako. Guk txupete guztiak gordeta dauzkagu, haurraren altxorra da. Gertatu izan zaigu erraldoiei txupetea eman eta handik ordu batzuetara gurasoak txupete bila etortzea haurra damutu delako.
Haurrekin ikastoletan zenbait solasaldi izan dituzue Xanti, Maialen eta erraldoiak ezagutarazteko.
-I.G.: Gerturapen bat izan da. Konpartsan belaunaldi berri bat sartu gara haurrekin tratua daukagunak, eta pentsatu genuen polita izango zela haurrengana jotzea buruhandi eta erraldoiei dieten beldurra kentzeko.
I.E.: Eskoletan egin ditugun solasaldietan haurrek galdera asko egin dizkigute erantzuteko oso zailak zirenak: zer jaten duten, non egiten duten lo... Irakasleek asko eskertu dizkigute hitzaldi hauek.
Zaila da erraldoi bat eramatea?
-I.E.: Ez da indar asko behar, abilidade kontu bat da mugimenduak kontrolatzeko eta parranda gutxi egin behar da. Badago jendea probatzen duena eta esaten duela beraientzat ez dela. Bueltak ondo neurtu behar dira, azkarregi ez joateko, bestela istripu bat izan dezakegu.
I.G.: Erraldoia eramatea ez da erraza, zailena besoak kontrolatzea da.
Noiz entseatzen duzue?
-I.E.: Ekainean hasten gara entsea-tzen eta astero bi entsegu egiten ditugu. Musikak beti berdinak dira, baina errepasatu behar da. Merkatuzarren entseatzen dugu erraldoiekin, baina hauek jantzi gabe. Entseguak ere biltzeko balio digute gure konpartsa familiarra osatzeko.
Zergatik sartu zineten konpartsan?
-I.E.: Txikitatik bizi izan dugulako. Ni gurasoekin joaten nintzen Xanti eta Maialen ikustera eta txikitatik bizi izan dut.
I.G.: Nik ere bai txikitatik ikusi ditut. Odolean eramaten dugu. Niri aukera eman zidatenean buruhandi sar-tzeko aprobetxatu nuen. Gero erraldoi izateko esan zidatenean salto egin nuen.