deba - Zuhatza Euskara Elkarteak Debako herriak irailean ospatuko duen Euskal Jaia iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du jada. Lanak ostiralera arte aurkez daitezke eta guztiekin erakusketa bat egingo da hilaren 18an, herritarrek irabazlea aukeratzeko.

Urtero bezala, partehartzaile guztiek egoki ikusten duten teknika erabili ahalko dute bere lana egiteko. Hori bai, kartel guztiek Euskal Jaia 2019 Deba esaldia eraman beharko dute “euskara hutsean” eta lanen neurria “A2 tamainan kalitatez argitaratzeko modukoa” izan beharko du.

Edonola ere, Debako Euskal Jaiaren kartel lehiaketan parte hartu nahi dutenek (bakoitzak lan bakarra eta originala aurkez dezake) uztailaren 5eko 13.00ak arte aurkez dezakete okasiorako prestatutako lana ”euskarri fisikoan nahiz digitalean” Zuhatza Euskara Elkartearen bulegoan edo zuhatza2@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez.

Lehiaketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, lanak jasotzeko epea amaituta, aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa bat egingo da uztailaren 18an (19.00etan) Plaza Zaharrean, beti ere, “herritarrek botoen bidez kartel irabazlea aukeratu dezaten”.

2019ko Euskal Jaia iragartzeko aukeratua suertatzen den kartelaren egileak 300 euro eskuratuko ditu sari gisa. Kartela antolatzaileen esku geratuko da “inprimitu, argitaratu eta egoki ikusten den zabalkundea egiteko eskubideekin”.

Edonola ere, lehiaketari buruzko informazio gehiago nahi duenak Zuhatza elkartearen 943 191 383 telefono zenbakira dei dezake. - J.L.