Errenteria - Errenteriako Touring kirol elkarteak bere lehen Kirol Kultur Astea antolatu du. Ekitaldien artean, ekainaren 25ean Biolentzia oinarrizko futbolean. Giza baloreen transmisioa mahai-ingurua prestatu du. Hitzordua 19.00etan Xenpelar Etxean izango da.

Izen handiko parte-hartzaileak izango dira: Kepa Sanz, epaile ohia; Garbiñe Etxeberria, Errealeko nesken koordinatzailea; Juan Carlos López Ubis, Errealeko kirol psikologoa; Jesus Orbegozo, Egiluze ikastolako kirol zuzendaria; Begoña Irazu, Foru Aldundiko teknikaria; eta Jon Ansotegi, Errealeko jokalari ohia. Moderatzailea Jon Gonzalo errenteriarra izango da, ETBko Ur haunditan izeneko programaren erredaktorea eta Touringeko jokalari ohia. Antzeko gaiak jorratu ditu bere jardunean eta gaiarekin oso sentsibilizatuta dago.

“Gaur egun futbolean ematen den biolentziarekin, batez ere ahozkoa, kezkatuak eta sentsibilizatuak gaude eta Touringek aportazio hau egin nahi izan du mahai-inguru hau antolatuz”, adierazi du klubeko zuzendaritza berriak. “Futbolean hainbat mailatan ematen den gaitz bat da, baina guk oinarrizko futbolean zentratu nahi izan dugu, guztiak onartezinak eta justifikatu ezinak izanagatik maila honetan ematen direnak oraindik lotsagarriagoak bihurtzen baitira”, azpimarratu dute.

Honenbestez, txikitatik edo hastapenetik haurrei transmititu behar zaizkien balioak bultzatu eta susta-tzeko bideak landuko dira hitzaldian. Gainera, mahai-inguruak berezitasun bat izango du: Ahobizi-Belarriprest formatuan egiten saiatuko dira. Hau da, mintzakide guztiak euskaraz dakite, baina bakoi-tzari aukera emango zaio nahi duen hizkuntzan hitz egiteko.

Kirol Kultur Astearen baitan, ekainaren 26an Niessen kulturgunean Jokoz kanpo antzezlana ikusteko aukera egongo da. Sarrerak bost euro balio du eta biltzen den dirua dibertsitate funtzionala lan-tzen duen Mindara elkartearentzat izango da. Lehenik eta behin sarrerak ostegunera arte Touringeko gurasoei eta bazkideei eskainiko zaizkie. Fanderian izango dira salgai. Ostiraletik aurrera herriko jende orori zabalduko zaio erosteko aukera.

Azkenik, zuzendaritza berriak datorren larunbatean klubeko bazkaria berreskuratuko du. 14.00etan Koldo Mitxelena eraikinean izango da. 300 neska-mutil baino gehiago izago dira bertan.