Síguenos en redes sociales:

Gaur Kuadrillategi Eguna ospatuko da Oiartzunen

Oiartzun - Gaur Oarsoaldeko lau herrietako Kuadrillategi egitasmoko gazteek 2019ko Kuadrillategi Eguna ospatuko dute Oiartzungo Doneztebe plazan.

Kuadrillategi egitasmoak eskualdeko hamabi eta hamasei urte arteko 400 gazte elkartzen ditu ostiraleroko saioetan eta horiez gain egiten dituzten ekintza berezietan: irteerak, topaketak, jolasak,? Gazteen artean euskarazko hizkuntza ohiturak finkatzeko helburua du Kuadrillategik.

Aurten egitasmo berezia antolatu dute, Desafioak izenekoa, herrietako gazteen artean harremanak sustatzeko desafio dibertigarriak egitea, alegia. Ikasturte osoan zehar garatu da eta herri batek beste herri bat desafiatzen du ordubeteko proba bat jokatzeko.

25-30 gaztek osatutako zortzi taldek hartu dute parte lehian. Lezoko eta Errenteriako talde banak eta Pasaiako eta Oiartzungo hiruna taldek. Gaur finalaurrekoak eta finalak jokatuko dituzte.

11.00etan, oiartzuarrek harrera egingo diete Landetxe plazan gainerako herrietako gazteei. Segidan Desafioak jokatuko dira. Ondoren musika banden eta bakarlarien lehiaketa izango da. Bazkaldu ondoren DJ Bullek musika jarriko du 17.00ak arte. Orduan festari amaiera emango zaio. - A.M.