Síguenos en redes sociales:

Legorretarrek Jose Antonio Garmendia omendu dute

Legorretako Harripila kiroldegian herritarrek ezustean antolatu zioten omenaldia, kirolean egindako guztiagatik

Legorretarrek Jose Antonio Garmendia omendu dute

legorreta - Joan den larunbatean Legorretako Harripila kiroldegian herritarren berotasuna, maitasuna eta esker ona jaso zituen Jose Antonio Garmendia herritarrak. Kortatu baserrikoa da bera eta adin desberdinetako legorretarrek Ugaro herri eskolako bi futbol partidak jokatzen zirela aprobetxatuz antolatu zuten ekitaldia, ahoz aho indarra hartzen joan zena. “Ezustean” harrapatu zuen Garmendia harrera guztiak, baina esker onez hartu zuen guztien presentzia eta hitz politak izan zituen haientzat.

Garmendiak, orain urte batzuk, herri kirola egiten zuten haurrak eramaten zituen partidak joka-tzen ziren lekuetara, hau da, bera izaten zen herri kirolari lotutako guztiarekiko erreferentea eta arduraduna. Ibilbide luzea izan du kirolean, izan ere, futbolen, boxeoan, bizikletan eta toka txapelketan aritutakoa da.

Egun, baina, gauzak aldatu egin dira eta gehienetan haurren gurasoek hartzen dute ardura hori. Horregatik, egindako lan guztia eskertzeko moduan omenaldi txiki bat egin zioten.

Gauzak horrela, bi taldeen partida hasterako ohorezko sakea atera zuen Garmendiak. Gainera, garai bateko nesken taldeko hainbat partaidek agurra eskaini zioten, txapela jantzi eta haren emazteak lore sorta jaso ondoren, legorretarrak berarengana gerturatu ziren berarekiko duten maitasun hori erakustera.

Omenaldi festa ez zen hor amaitu. Partidaren ostean Bilkoin elkartean jarraitu zuen. Hala, herri bazkarian 130 lagun inguru elkartu ziren eta bazkalostean bere ikasle izandako hainbat herritarrek oroigarriak banatu zizkioten. Hori ez ezik, bertsoak eta argazkiak ere ez ziren falta izan. Hala, ekitaldi xume baina hunkigarria jaso zuen Garmendiak, egindako lana esker-tzeko moduan. - M.A.